Jon Unanuek Orioko bandera irabazi du Urdaibairekin

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 19a, 13:56
Jon Unanue.

Urdaibaik eta Unanue arraunlari azkoitiarrak denboraldiko lehen bandera lortu dute gaur, Orion.

Jon Unanue Dukie arraunlari azkoitiarrak Eusko Label ligako Orioko estropada (Gipuzkoa) irabazi du gaur, igandea. VIII. Orioko Kanpina Bandera zuten jokoan gaur, eta bi segundo eta 35 ehunenekori esker, azkoitiarrak denboraldiko lehen bandera irabaztea lortu du Urdaibai traineruarekin.

Azken txandan aritu da Bermeoko trainerua gaurkoan Santurtzi, Zierbena eta etxeko traineruarekin –Orio– batera. Unanuek parte hartu duen trainerua ondo joan bada ere, azken luzean bikain etorri da, eta Orioko traineruari zortzi segundo pasatxo atera dizkio; 14 segundo pasatxo Santurtzi Eusko Label ligako liderrari.

Halere, Hondarribia izan du Urdaibaik gaurkoan bandera lortzeko aurkari zuzena. Hondarribiak bigarren txandan egin du estropada, eta 20:12:76 denbora markatu du. Bi segundo eta 35 ehunenekotan hobetu du hondarribiarren denbora Urdaibaik –20:10:41–, eta ondorioz, VIII. Orioko Kanpina Bandera astintzeko moduan izan dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide