Eskuak zainduz

Amaia Artetxe eta Mirari Bastida 2020ko abu. 5a, 09:00

Amaia Artetxek eta Mirari Bastidak uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eskuak zainduz'.

COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisia hasi zenetik, kutsatzea saihesteko behin eta berriro garbitu behar izaten ditugu eskuak. Ondorioz, okerrera egin du gure eskuetako azalaren egoerak. Eskuak babesteko eskularruak erabiltzea ez da gomendatzen, oso beharrezkoa ez den kasuetan batik bat. Eskuak sarri-sarri garbituz, ordea, eskuetako azalaren narritadura eragin dugu.

Eskuak desinfektatzeko bi modu ditugu: batetik, urarekin eta xaboiarekin garbitu ditzakegu eskuak, eta bestetik, gel hidroalkoholikoa erabilita. Kontuan izan behar dugu, baina, bai xaboiarekin eta bai gel hidroalkoholikoaren 30 bat segundoan garbitu behar ditugula eskuak ondo desinfektatzeko.

Bi aukera horietatik onena eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea da. Xaboiek tentsioaktiboak izaten dituzte, eta birusaren kanpoaldea deseginez desinfektatzen dute. Ez da beharrezkoa xaboia oso agresiboa izatea, ikusi da “syndet” (detergenterik gabeak) xaboiek ere birusaren aurka balio dutela. Xaboi pastillak ez ditugu aholkatzen, ezta etxean egindako xaboiak ere. Gure larruazalak pH azidoa dauka, 4,7-5,7 bitartekoa, eta xaboi horien pHa 8koa izatera iritsi daiteke; eta hori oso basikoa da. Aurretik aipatu ditugun xaboi mota horiek erabilita, azalak bere berezko pHra itzultzeko lau ordu beharko lituzke, eta sarri erabiliz gero, desoreka sortu liteke, azalaren narritadura areagotuz.

Uraren tenperatura ere kontuan izatea beharrezkoa da. Eskuak garbitzerakoan ez da komeni ura oso beroa izatea; izan ere, ur beroak azalaren berezko babesa desegiten du.

Beste aukera bat da, gel hidroalkoholikoarekin desinfektazea eskuak. Gela, ordea, etxetik kanpo gaudenean bakarrik erabiltzea gomendatzen dugu. Nahiz eta gelek azala hidratatzeko osagaiak izaten dituzten, alkohol kantitate handia izaten dute, eta horrek eskuen deshidratazioa eragiten du.

Eskuak ondo garbitu eta desinfektatu ondoren, eskuak ez minberatzeko krema hidratatzailea eman behar da. Krema guztiak ez dira berdinak izaten, eta kasu bakoitzean bat edo bestea ematea komeni izaten da. Eskuetako azala oso narritatuta izanez gero, hesi efektua eta akzio zuzentzailea duten kremak aukeratzea da egokiena. Kasu horietan, gainera, perfumedun kremak saihestea komeni izaten da. Narritadurarik ez dagoen kasuetan, berriz, edozein krema hidratatzaile eman daiteke eskuetan; dena den, xurgatze azkarreko kremak ematea errazagoa egingo zaigu.

Eskuetan krema nola ematen dugun ere garrantzitsua da, gehienok ez dugu behar bezala ematen. Eskuaren zati leunena gaineko partea da, eta gogorrena, berriz, barrualdea. Hori kontuan izanda, kremaren bi zentimetro eskuaren gainean eman behar dira, eta beste eskuaren gaineko aldearekin igurtziz zabaldu behar dugu. Gero, krema behatz arteetan eman behar dugu, eta azkenik, soberakina eskuaren barrualdean zabalduko dugu.

Gauetan, eskuetako maskarak egitea beti izaten da eskuen ongizaterako lagungarria. Horretarako eskularru bereziak egon ohi dira, baina baselina purua erabilita ere egin daitezke eskuetako maskarak.

Eskuetako azalaren egoera oso txarra den kasuetan, beti medikura joatea gomendatzen dugu; kasu horietan, kortikoideak dituzten kremak preskribatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide