Aldaketak izango dira igandean Azkoitiko hainbat hauteslekutan

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 6a, 16:54
Aldaketarik nabarmenena Torre Zuri erakustokian egingo dute.

Torre Zuri erakustokian jarri ohi dituzten hiru mahaietatik bi Berdura plazan jarriko dituzte igandean. Aizkibel liburutegian, berriz, bi solairu egokituko dituzte botoa emateko. Aldaketak COVID-19agatik babesteko egingo dituzte.

Datorren igandean, uztailak 12, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira, eta Azkoitian 13 mahai jarriko dituzte botoa emateko. COVID-19agatik, ordea, zenbait aldaketa iragarri dituzte herriko hauteskunde mahaietan. 

Botoa emateko ohiko lekuak egokituko dituzte: Xabier Munibe Ikastola, Aizkibel liburutegia, Elkargunea eta Torre Zuri. Halere, hainbat aldaketa egingo dituzte segurtasun gomendioak betetzeko. Torre Zuri erakustokian hiru mahai jarri ohi dituzte hauteskundeetan, baina koronabirusa dela-eta hiru mahai horietatik bakarra mantenduko dute erakustokian. Gainerako bi mahaiak Berdura plazan jarriko dituzte. 

Beste aldaketa nagusia Aizkibel liburutegiko hauteslekuan egingo dute. Orain arte lehen solairuan jarritako hiru mahaietan ematen zuten botoa herritarrek, baina igandean bi solairu egokituko dituzte liburutegian. Bi mahai lehen solairuan jarriko dituzte, eta goiko solairuan bestea.

Guztira 8.669 azkoitiarrek izango dute igandean botoa emateko aukera. Horretarako, nahitaezkoa izango da maskara jantzita eramatea, pertsonekiko tartea mantentzea eta eskuak garbitzea. Beste aldaketa batzuk ere egongo dira, ordea. Mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen NA. Sarrera eta irteera ere zehaztuta egongo dira zenbait hauteslekutan, eta botoa emateko lehentasuna izango dute haurdun dauden emakumeek eta 65 urtetik gorako herritarrek. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide