Uztailaren 19an jokatuko dute Azkoitia Hiria xake txapelketa

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 30a, 16:31

Joxe Azkue klubeko lehendakari ordea izandakoa omenduko dute aurtengo edizioan ere. Anaitasuna Kakute xake taldeak protokolo berezia zehaztu du egunerako.

Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako XXXVIII. Azkoitia Hiria Xake Txapelketa uztailaren 19an jokatuko dute. 10:00etan hasita, Kontzejupen jokatuko dituzte xake partidak. Aurten ere Joxe Azkue klubeko lehendakari ordea zenaren omenez egingo dute txapelketa, XI. edizioa.

Halere, ohi baino talde gutxiagok parte hartuko dute aurten, COVID-19agatik. Orain arte 18 taldek parte hartzen zuten lehian, baina aurten antolatzaileek 11 talde gonbidatuko dituzte Azkoitira, "masifikazioak ekiditeko". Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek osatuko dituzte hiru talde, eta talde gipuzkoarrak izango dira gainerako gehienak. Halere, Azkoitiko xake taldeak oraindik ez ditu gonbidatutako taldeen izenak jakinarazi. Epaile lanak egiten, bestalde, Mikel Almansa FIDE Nazioarteko Epailea arituko da.

Protokoloa, zehaztuta

Txapelketa jokatu ahal izateko, Anaitasuna Kakute xake taldeak protokoloa ere zehaztu du. "Normaltasun berrira bidean, zuzendaritza batzordeak txapelketa aurrera eramateko plana aurkeztu du, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko", azaldu du xake taldeak. Hori horrela, izena ematean parte hartzaileei tenperatura hartuko diete, eta onartutakoa gainditzen badu ez du lehian parte hartzerik izango. Kontzejupe barruan, halaber, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da, baita eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea ere. 

Mahaiak eta xake taulak ere "ohi baino distantzia handiagoarekin" jarriko dituztela azaldu dute Anaitasuna Kakute taldeko kideek. Gainera, parte hartzaileek ekidin egin beharko eskuarekin gainerako kideak agurtzea. Sarrera-irteera guneak ere zehaztu egingo dituzte antolatzaileek, eta xakelariek partida amaitutakoan gunea utzi beharko dute. Xake taldeak du, sariak beren zorroan sartuta emango dizkietela irabazleei. Maskarak, zapiak eta bestelakoak botatzeko, berriz, edukiontzi berezia jarriko dute Kontzejupean bertan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide