Iñigo Uzin: "Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean geldi daitezke"

Berria 2020ko eka. 21a, 17:33
Iñigo Uzin artxiboko irudi batean. (Goiena)

Mondragonek inoizko erronkarik zailenetakoa dauka aurrez aurre: krisitik ahalik eta kalte arinenaz ateratzea. Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidenteak dio krisiaren iraupenak finkatuko duela enpresa batzuen geroa. Berria egunkarian elkarrizketatu dute azkoitiarra.

Mondragon taldearen egoitzan sartzeko tenperatura hartzen diote bisitariari. Presidentearen bulegoan aurrera eginda maskara ken daiteke, behar bezalako tartea hartu ondoren. Iñigo Uzin (Azkoitia, 1960) gertutasunez aritu da, ordea, korporazioari tenperatura hartzeko galderei luze-zabal erantzunda. Mezu nagusi argi bat utzi du: dena da ziurgabetasuna, baina "krisi hau ere" gaindituko du taldeak.

Ezustean iritsi da eta izugarria izan da. Zein da Mondragoneko enpresen egoera gaur-gaurkoz? Kolpeari neurria hartzen ari dira oraindik edo hasi dira aurrerago begiratzen?

Egia esango dizut: inork ez dauka erantzun zehatzik oraindik. Noiz bukatuko den ere ez dakigu. Birusaren eboluzioak markatuko ditu erritmoak. Birusak mendean-edo jarraitzen badu, orain bezala, azkar jarriko gara berriro martxan. Baina gakoa konfiantza da. Hori gabe ezin da hazi, eta bi arrazoi daude konfiantza oso txikia izateko enpresetan: birusa bera eta eskaera falta. Datorrena irudikatzeko hirugarren hanka Europak ematen digu. Ematen du bere rola ondo jokatzera doala, eta hori oso garrantzitsua da. Hau munduko arazo bat da, eta erantzun globala eskatzen du. Ez dugu ahaztuko AEBen eta Txinaren arteko arazo potoloa ere. Norgehiagoka horrek segituko du Trumpek hauteskundeak ez baditu irabazten ere.

Ez irabazteak lagunduko luke pixka bat, ezta?

Bai noski. Hura baino okerragorik azaltzea oso zaila ematen du.

Panorama beltz samarra margotu duzu...

Europak esperantzako arrazoiak eman dizkigu. Orain arte oso ahul aritu da, baina itxura batean bere rola jokatzera doa; oraindik ez dago adostasuna, beti dago zerbait... baina gakoetako bat da susperraldi azkarra egon dadin.

Nazioarteko merkatuak normalizatu arte posible al da enpresei ralentian eustea? Noiz arte egon daitezke horrela kooperatibak?

Sektore bakoitzak, enpresa bakoitzak, bere egoera zehatza dauka. Jarduera berreskuratzen hasi gara, ordea, eta %75 inguruan gaude jada. Kontua da ezin dugula ikusi ongi datorrena. Autogintza ez dago ongi, lehengo arazoek hor jarraitzen dutelako: auto elektrikoa, autonomoa... gauza asko daude dantzan. Eta horrek ez du laguntzen. Baina Europako estatuak laguntzak ematen ari dira, azkena Espainiakoa. Ez da erraza jakitea noiz arte egon daitezkeen enpresak horrela, baina kooperatibetan neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Likidezia ziurtatzen ari dira, ICOren, Elkargiren eta bankuen bidez. Egia da, ordea, errentagarritasun aldetik ez gabiltzala ongi, eta balantzeak ziurtatu behar dira. Horregatik, soldata maila jaisten ari da enpresa askotan, bakoitzak bere egoeraren arabera. Gastua murriztu behar da.

2008ko krisi handiak aurrean eraman zuen Fagor Etxetresnak. Gogor jo zuen taldea gertakari hark. Zenbateko soldata jaitsierak egiten ari dira?

Enpresa bakoitzaren araberako jaitsierak dira. Bazkideek erabakitzen dute. Zertarako? Egoerari aurre egiteko bai, baina estrategiari eutsi eta hurrengo urratsak prestatzeko ere bai. Irtengo baikara halako batean, hori seguru.

Enpresa bat kooperatiba izatea mesedegarria al da soldata jaitsiera horiek azkar erabaki daitezen? %13 arteko jaitsieraz hitz egiten ari baikara, ezta?

Hartu behar ziren lekuetan neurri gogorrak hartu dituzte batzuek, eta azkar eman dute pauso hori. Eredugarri izan dira. Lehen ez dakit zer gertatuko zen, baina orain gauzak azkar eta ondo egin dira, erreakzio azkarra gauzatuta.

Elkarrizketa osoa Berria.eus-en irakur daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide