Iban Larrañaga erremontistak Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa jokatuko du

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 19a, 09:00
Iban Larrañaga (Argazkia: Oriamendi)

Lau bikoteren artean jokatuko dute txapelketa, datozen bost zapatuetan. Larrañaga Ansa II.arekin batera arituko da.

Datorren zapatuan hasiko da Hernaniko Galarreta pilotalekuaren 50. urteurrena oroituko duen Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa. Iban Larrañaga txapelketan parte hartuko duten zortzi erremontistetako bat da, eta azkoitiarrak Ansa II.arekin batera jokatuko ditu partidak.

Zapatuan hasi eta datozen bost larunbatetan jokatuko dituzte partidak, Hernaniko Galarretan. Oriamendi 2010 enpresak eta EITBk elkarlanean sustatuko txapelketa da Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa. Ligaxkako partidak jokatuko dituzte etzi, ekainaren 27an eta uztailaren 4an. Finala bera ere Galarretan jokatuko dute, uztailaren 18an.

Ansa II.a eta Larrañaga azkoitiarrak osatutako bikoteaz gain, kantxan izango dira Urriza-Zubiri, Juanenea-Urrutia II.a eta Goikoetxea-Barrenetxea. Sailkapeneko lehen postua lortzen duen bikotea finalera sailkatuko da zuzenean. Laugarren sailkatua, berriz, txapelketatik kanpo geldituko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek beren artean finalerdia jokatuko dute, eta hortik aterako da bigarren finalista. Partida guztiak 35 tantora jokatuko dituzte.

Galarretako txapelketa honek izango du berrikuntzarik, izan ere erremontista bakoitzak buruko kaskoan kamera eramango du. Zapatuko jaialdian 300 ikuslerentzako sarrera egongo da Galarreta. Horiek, gainera, maskara eraman beharko dute, eserita egon beharko dute eta segurtasun tartea gorde harmailetan. Erremontistek ere bete beharko dute protokoloa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide