San Juan futbol zelaian gas instalazioa ezartzen hasi dira

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 18a, 12:18
San Juango futbol zelaian gas instalazioa ezartzeko lanak. (Azkoitiko Udala)

Lanen helburua aldageletako dutxetan ur beroa bermatzea da. Horretarako, Gurelan enpresaren azpiko hoditeria aldatuko dute. 35.144 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Aste honetan hasi dira San Juan futbol zelaiko aldageletan gas instalazioa ezartzeko lanak. Lan horien helburua da azpiegiturek gaitasuna izatea aldageletan erabiltzen den ura berotzeko; horretarako, egoera kaskarrean zegoen Gurelan enpresako espaloi azpiko hoditeria berrituko du Ur Kontsortzioak. Hain zuzen ere, 60 metroko tartean hodi harikorra ezarri eta lekualdatu egingo dute, eta lanen aurrekontua 35.144 eurokoa da.

Aldageletako gas instalazioak hobetzeko lanak, Azkoitiko Udalak eta Ur Kontsortzioak sinatutako hitzarmenaren barruan daude. Izan ere, hitzarmen horretan agertzen denez, Ur Kontsortzioak udalerrian urtero hainbat hobekuntza eta inbertsio egiteko konpromisoa hartu zuen. Lan horiek amaitzen dituztenean, gas galdara jarriko dute futbol zelaiko instalazioetan, egungo termo elektrikoak ez baitira gai aldageletan ur beroa bermatzeko. Lan horiek Climatizaciones Orio enpresak gauzatuko ditu, eta 59.772 euroko aurrekontua izango dute horretarako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide