The Bandit proban parte hartuko du Imanol Alesonek

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 17a, 12:21

Bost etapako orientazio proba bat izango da, eta dena ondo bidean, urrian jokatuko dute, Tarragonan. Berrogei lagunek parte hartuko dute eta horietako bat izango da Aleson azkoitiarra.

The Bandit proban parte hartzeko hautatu dute Imanol Aleson azkoitiarra. Orientzazio erako proba bat izango da, bost etapa izango ditu, eta egoerak ahalbidetzen badu, urriaren 9tik 11ra bitartean jokatuko dute, Tarragonan (Katalunia). Berrogei lagunek parte hartuko dute eta azken astera arte ez dute jakingo nondik abiatuko den proba.

Azkoitiarrak Maxixatzeni azaldu dionez, erronka "polita" izango da, eta orain arte parte hartu izan duen lasterketekin alderatuta, "desberdina". "Ibilbidea markatu gabe egongo da eta mapa baten eta iparrorratz baten laguntzarekin iritsi beharko dugu helmugara". Helmugarako bidean, ibilbidean zehar ezkutatuta egongo diren hamar liburu topatu beharko dituzte parte hartzaileek. "Liburu horiek izango dira ibilbide guztia egin dugula ziurtatuko dutenak".

Ibilbide guztia zuzen eginda, 170 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek, baina oso litekeena da gehiago egitea. "Bidegurutzeren batean gaizki hartuz gero edo bidean galduz gero, berrehundik gora joango da kopurua, eta GPSrik eta kilometro kontagailurik eramaterik izango ez dugunez, ez dugu jakingo zenbat kilometro egiten ari garen".

Proba bakarka egin beharko dute, baina parte hartzaile bakoitzak laguntzaile bat eramateko aukera izango du. "Etapa bakoitzaren bukaeran zerbait jan nahi baldin badugu, laguntzaileak ere toki horretara iristea lortu beharko du", azaldu du Alesonek. Laguntzaileek ez dute ibilbide guztia egin beharko, baina bai zati batzuk, eta haiek ere mapa eta iparrorratza erabiltzen jakin beharko dute. "Konparazio batera, Aittolan autoa aparkatu eta Xoxotera iristen asmatu beharko dute. Nire laguntzailea ailegatuko ez balitz, jatekorik gabe geratuko nintzateke ni".

Proba bezala, parte hartzaileak hautatzeko prozesua ere "desberdina" izan dela kontatu du azkoitiarrak. "Ez da batere erraza izan. Hamar arrasto eman zizkiguten eta gure lana izan da arrasto horiei segika helbide elektroniko batera iristea. Ondoren, helbide horretara mezu bat bidali behar izan dugu esanaz zergatik parte hartu nahi dugun proban". Berak hirurogeitik gora saiakera egin dituela aitortu du, "ez nekielako zein helbide zen ona".

Eta halako batean, erantzuna iritsi zitzaion: helbidea asmatu zuela. "Guztira 30 lagunek idatzi dugu helbide horretara, eta gero, galdera batzuei erantzunez, beste hamar lagun hautatu dituzte probarako". Beraz, guztira berrogei lagun lehiatuko dira The Bandit proban. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide