Txalkor txistulari taldeak hasi ditu zapatuetako goiz-eresiak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 17a, 08:00

Joan den zapatuan egin zuten konfinamenduaren osteko lehen eresia. Datorren zapatuan berriz aterako dira Txalkor taldeko txistulariak kalera.

Konfinamenduaren ondoren, joan den zapatuan hasi zituen Txalkor txistulari taldeak zapatu goizetako eresiak. Hamabi lagunek osatzen dute txistulari taldea, baina azkeneko kalejiran hamar lagunek parte hartu zuten.

Kalejira egiteko bi metroko distantzia utzi behar izan zuten musikariek. Hori horrela eginda "arraro" sentitzen zirela adierazi dute Txalkorreko kideek, eta horregatik eresia Kontzejupean egitea erabaki zuten. Udaletxe azpian pieza batzuk jo ondoren, jendearen txaloak entzun eta txistua jotzen jarraitu zuten, plazaz plaza. Utzitako bideo hau, esaterako, joan den larunbatekoa da.

"Jendeak oso harrera ona egin zigun txistularioi, gustura hartu zuten", azaldu du Pello Larrañaga txistulariak. Konfinamenduaren aurretik zapaturo egiten zuten moduan, datorren zapatuan ere berriro aterako dira txistulariak kalera goiz-eresia egitera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide