Haur eta gaztetxoentzako udako ekintzak, babes neurriak hartuta

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 16a, 11:12

Azkoitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak haur eta nerabeentzako udako ekintza bereziak antolatu ditu, egungo egoera kontuan hainbat babes neurri hartuta. Asteka antolatu dituzte ekintzak, eta plaza mugatuak izango dituzte. Dagoeneko ekintzetan izena emateko epea zabaldu dute.

COVID-19a dela-eta udalekuak bertan behera utzi ondoren, Azkoitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak "ahalegin berezia" eginda, haur eta nerabeei zuzendutako aisialdiko ekintza bereziak antolatu ditu. "Azken hilabeteetan haurrak eta nerabeak elkarrekin egon eta jolastu gabe daude, eta haiei aukera bat emateko antolatu ditugu udako ekintzak. Hori bai, babesteko neurriak hartuta egingo ditugu eta aldian-aldian arau eta lege aldetik ematen ari diren aldaketei adi gaude", azaldu du Pello Larrañaga Gazteriako teknikariak. Ekintza hezitzaile horiek ekainaren 29etik uztailaren 18ra egingo dituzte, asteka eta goiz eta arratsaldez eginez. Atzo, astelehena, ireki zuten ekintzetan izena-emateko epea eta hilaren 24a arte izango da horretarako epea. Plaza mugatuak izango ditu txanda bakoitzak. Haurren ekintzetan parte hartzeko, lehentasuna ludotekako bazkideek izango dute; hala, horiek izena emateko epea bihar artekoa da. Ondoren, hilaren 18tik 24ra bitartean bazkide ez direnentzako izena emateko epea zabalduko dute.

Esther Sudupe Gazteria Zerbitzuaren arduradunak udako ekintzak antolatzeko aurretik prozesu bat jarraitu dutela azaldu du. Esaterako, deseskalatzearen fasekako dekretuak aztertu dituzte eta gauzak nola egin erabaki dute ondoren. "Azken batean, haurren eta nerabeen beharrei erantzuteko antolatu ditugu udako ekintzak. Konfinamenduko garaian ere, Gazteria Zerbitzuak ez ditugu itxi, eta hezitzaileok lanean jarraitu dugu. Haur eta nerabeekin Internet bidezko harremana izan dugu, eta proposamen desberdinak helarazi dizkiegu. Horrez gainera, udako ekintzei begira lanean jardun dugu. Interakzio baten beharra dute haurrek eta nerabeek, eta hori kontuan hartuta antolatu ditugu udako ekintzak ere", nabarmendu du Sudupek.

Udal Gazteria Zerbitzuan dituzten baliabideetara eta egoerara moldatuta antolatu dituzte haurrentzako eta nerabeentzako udako ekintzak. "Bizi dugun egoera ikusita, bertan dauzkagun baliabideetara egokitu ditugu udako ekintzak. Udako ekintzak antolatzeko dekretuak zer dioen aztertu dugu eta horren arabera prestatu ditugu. Deseskalatzearen hirugarren fasean udako ekintzetan 200 umek parte hartu dezakete aire librean eta 80 umek barruan egindako ekintzetan. Guk, ordea, dauzkagun baliabideak kontuan hartuta gehienez 54 lagun hartuko ditugu; hau da, aste bateko txanda bakoitzeko 27 haur. Nerabeen kasuan, berriz, txanda bakoitzeko hemezortzi gazte izango dira".

Babes neurriak

Koronabirusarekin ez kutsatzeko zer babes eta segurtasun neurri hartuko dituzten ere zehaztu du Sudupek. Ekintzetan parte hartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte haur eta nerabeek, maskarak erabili beharko dituzte eta ahal den ekintza guztietan elkarrenganako distantzia errespetatuko dute. Horrez gainera, udako ekintzetara joango diren haurren guraso edo arduradunek egunero baimen informatua sinatuta eraman beharko dute, ziurtatuz beren haurrak ez daukala sukarrik edota bestelako sintomarik (eztula...). "Baimen hori haur bakoitzeko eta egunero eraman beharko dute udako ekintzetan parte hartzeko", azpimarratu du Sudupek.

"Jolas batzuk ezingo ditugu egin segurtasunagatik, baina beste batzuk bai. Gero, jolasetan erabilitako material guztia desinfektatu egin beharko dute begiraleek", azaldu du Sudupek. Aurreko urteetako udako ekintzetan begirale bakoitzeko hamabost haur izaten zituzten; aurten, ordea, hezitzaile bakoitzak bederatzi haurreko taldea izango du.

 

Irailetik aurrerako "entrenamendua"

Udako ekintzak aurrera eramateko egindako lana eta antolaketa irailetik aurrera ere Gazteria Zerbitzuan baliagarri izango dutela uste du Sudupek: "Irailetik aurrera etorriko denarentzat entrenamendu gisa hartuko dugu oraingoa. Izan ere, hau luzerako erronka izango da. Ohitura berriak hartu beharko ditugu gaitzetik babesteko, eta horiek ikasten joateko ere balioko dute udako ekintzek". Udako ekintzak Gazteria Zerbitzuarentzat "erronka berri bat" izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide