Iñigo Etxaniz: "Bideoek interpretazio irekia izatea gustatzen zait"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 20a, 12:00
Iñigo Etxaniz.

Iñigo Etxaniz (Azkoitia, 1981) ingeniaria da, eta autobus enpresa batean lan egiten du. Haren zaletasuna bestelakoa da, ordea: etxean konfinatuta egon den bitartean, animaziozko bideo batzuk sortu ditu, stop motion teknika erabilita.

Zer dela eta animaziozko bideoak?

Konfinamenduan ginela, familiako batek etxean grabatutako horrelako bideo bat bidali zidan Whatsappetik, eta gustatu egin zitzaidan ideia. Neuk ere probatzen hastea pentsatu nuen, konfinamenduan zeregin handirik ez bainuen izaten.

Zenbat egin dituzu?

Bost egunetan bost bideo grabatu nituen. Ordu eta erdi batez aritzen nintzen horretan egunero.

Zertan oinarritzen zara sortzerakoan?

Kuadrillako Whatsapp taldean elkarri txorakeriak bidaltzen ibili ginen: jendeak etxean egiten zituen eskulanak eta abar. Egun batean zera esan nien: "Bihar zerbait ezberdina egin behar dugu". Eta etxean topatu nituen bi autorekin bideo bat grabatu nuen. Bideo hura bidaltzean, lagunak gehiago eskatzen hasi zitzaizkidan, eta istorio bat sortzea erabaki nuen orduan.

Emaitza ikusitakoan, zer esan zizuten?

Denetik izaten da, baina kuadrillako asko hurrengo kapitulua noiz bidaliko zain izaten nituen. Beste batzuek, berriz, ez zuten erantzuten; ez zitzaielako gustatzen isilduko ziren, nik uste. Baina tira, inori kalterik egin ez eta bateren batzuk entretenitzea lortu badut, ez da gutxi.

Istorioa denek ulertu dutela uste al duzu?

Bideoek interpretazio irekia izatea gustatzen zait. Askotan entzun izan dut nik sortutako bideoak ez dituztela ulertzen. Kasu honetan, ordea, sinplesinple egitea erabaki nuen, denek istorioa argi ulertzeko moduan, baina ematen duenez, nik buruan dudana eta jendeak interpretatzen duena ez da gauza bera [barrez].

Zer kontatzen duzu bideoetan?

Bi autoren arteko pertsekuzio bat da. Autoek maleta bat harrapatzen dute, eta maleta horren barruan zer dagoen jakitea da gakoa: etxeko giltza dago. Pertsonaiek etxetik irten nahi dute, eta giltza behar dute horretarako. Jendeak sekulakoak espero zituen; askok koronabirusari aurre egiteko txertoa zegoela uste zuten [barrez].

Nola gozatzen duzu gehiago, bideoak egiten edo kritikak jasotzen?

Bideoak egiten oso ondo pasatzen dut, baina asko gustatzen zait bideoek jendearengan sortzen dituzten erreakzioak entzutea ere. Saltsa pixka bat sortzea atsegin dut.

Aurreneko aldiz egin duzu animazioa. Nolako esperientzia izan da?

Ona. Lan gutxi eman dit, eta emaitza dibertigarria atera da. Istorioa pixkanaka sortzen joan behar izan nuen, egunero argumentu berriak asmatzen, inprobisatzen. Neuk ere ez nekien bost bideoak egin arte zer egongo zen maleta barruan. Dena eskuko telefonoarekin eginda dago. Ideiarik gabe esperimentatzen hasi nintzen, ehun bat argazki atera eta elkarren segidan jarrita; horrela, bideo bat osatu arte. Stop motion teknika egiten ez nekien, baina funtsean gif bat besterik ez da. Tripoderik gabe, sakelakoa plastilina batean jarrita egin nituen irudiak. Edizioan lanik ez nuen hartzen. Bost bideoei musika bera jarri nien formatu antzekoa emateko, eta listo.

Andramaixetako film laburren lehiaketan ia urtero parte hartu izan duzu. Nolatan duzu zaletasun hori?

Kasualitatez izan dela esango nuke. Saltseroa naiz, eta uste dut hori dela gauza hauetan hasteko arrazoi nagusia. Kultur arloko ekimenetan betidanik ibili izan naiz pixka bat, musikari lotuta batez ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide