Konfinamendu osteko aurrez aurreko lehen bertso saioa antolatu du Erniarraitzek, ostiralerako

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 13a, 13:02

Amets Arzallus, Jone Uria, Alaia Martin eta Igor Elorza ariko dira kantari, Iker Iriarte gai-jartzailearen aginduetara. Saioa Floreagako On Bosco aretoan izango da, 19:00etan hasita. Sarrerak aurrez erosi ahal izango dira Zurt tabernan eta Elurre okindegian, zortzi euro ordainduta; eta egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da, hamar euroren truke, aretoaren edukieraren %60 bete arte.

Hiru hilabeteko etenaren ostean, "aukerarik txikiena ikusi orduko", aurrez aurreko bertso saioak antolatzeari ekin dio Erniarraitz bertsozale elkarteak. "Hartu beharreko neurriak hartuta", datorren ostiralerako antolatu du konfinamendu osteko aurrez aurreko lehen saioa, eta Azkoitian izango da, Floreagako On Bosco aretoan, 19:00etan hasita. Amets Arzallus, Jone Uria, Alaia Martin eta Igor Elorza ariko dira kantari, Iker Iriarte gai-jartzailearen aginduetara.

Saiorako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira Zurt tabernan eta Elurre okindegian, zortzi euro ordainduta; eta egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da, hamar euroren truke, aretoaren edukieraren %60 bete arte.

Koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta, hiru hilabeteotan ez da aurrez aurreko bertso saiorik izan Euskal Herriko plazetan, eta Erniarraitz elkarteak ere bertan behera utzi behar izan ditu antolatuta zituen hainbat ekitaldi eta txapelketa, hala nola, Erniarraitz txapelketa eta Bertso Kopa. Sortzaile gehienentzat bezala, bertsolarientzat ere sarea izan da itxialdi garaiko plaza. Egoera bere onera itzultzen hasi den honetan, baina, plazan bertsoaz gozatzen jarraitzeko modua izatea espero du elkarteak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide