Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkatari elkarteek 200 orga zozkatuko dituzte

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 12a, 09:29

Eskualdeko merkatarien arteko elkarlanetik sortutako kanpainaren baitan, 200 erosketa orga edo karro zozkatuko dituzte Herrixen, Bertan eta Zestoa Zuretzat elkarteetako saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean.

Osasun-larrialdiak eragindako hilabeteen ostean, eskualdeko herrietan erosketak egiten dituzten bezeroak eskertu nahi dituzte Azkoitiko Herrixen, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoa Zuretzat merkatari elkarteek. Hori horrela, erosketa orgak edo karroak zozkatuko dituzte hiru udalerrietako 200 saltokik. Ekainaren 15etik 29ra bitartean hiru merkatari elkarte horietako saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek txartel bat bete beharko dute, eta modu horretan orgaren zozketan parte hartuko dute. Saltoki bakoitzak erosketa orga bana zozkatuko du. Ekainaren 30an egingo dute zozketa, eta merkatariak jarriko dira harremanetan irabazlearekin.

Oparituko dituzten erosketa karroek Urolako trenaren irudia izango dute serigrafiatuta. "Hiru herrien arteko lotura" irudikatu nahi izan dute horrela. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkatariek elkarrekin bezeroei zuzenduta egiten duten lehen kanpaina da hasi berri dutena. "Elkarlan bide berri baten hasiera da", azaldu dute. Merkataritza mahaiko kideek esan dutenez, "erosketa karroa herrian erosten jarraitzea ahalbidetzen duen tresna" da, eta horregatik oparituko dituzte karroak. "Erosotasun, gertutasun eta jasangarritasun baloreak biltzen ditu", gehitu dute. Herrian erosketak egiten dituzten herritarrei bidea erraztea da kanpainaren asmoa.

"Orain inoiz baino gehiago, bertan kontsumitzen dutenek mantentzen dituzte bizirik dendak, eta ondorioz, herriko kaleak", diote merkatari elkarteek. "Garai gogorrenetan ere bezero fidelak" direla erakusten duten herritarrak saritu nahi dituzte merkatari elkarteek Zuretzat opari mezupean abiatu duten kanpainaren bitartez.

Azkoitiko, Azpeitiko zein Zestoako Udalek, merkatari elkarteek, Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Dendartean Gipuzkoako merkataritza bilkurak osatzen duten Urola Erdiko Merkataritza Mahaia. Mahai horren helburua da, eskualdeko ikuspegitik merkataritza sustatzea eta elkarren artean erronka berriei aurre egitea, herri desberdinetako merkatarien arteko loturak estutuz. Azken urteetan, besteak beste, merkataritza saltokien eskualdaketa edo kontsumitzaileen sentsibilizazioa jorratu ditu lantaldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide