IDAZLEA

Maite Lopez: "Saforen poesiak gu baino aurreratuago zegoen gizarte bat erakusten digu"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 9a, 09:13
Maite Lopez, 'Safo, Poesia guztia' liburuaren egilea.

Literatura mailan oihartzun handia dute Saforen olerkiek, eta horiek euskarara itzultzeaz arduratu da Maite Lopez (Azkoitia, 1985). Ikerketa lan handia eta testu desberdinen konparaketa ugari eskatu badio ere, prozesuaz ikaragarri gozatu duela azaldu du. Safo, Poesia guztia liburuaren aurkezpena ekainaren 18an izango da, eta, ondoren, liburu dendetan egongo da salgai.

Nola sortu da liburua?

Unibertsitateko urteetan piztu zitzaidan Safo itzultzeko gogoa, eta ordutik buruan izan dut ideia. Izan ere, ikasleok itzultzen genituen testu guztiak gizonezkoek idatzitakoak ziren, eta horrek pentsarazten zigun emakumeak tragedietako protagonistak soilik izan zitezkeela. Horrek neure kabuz ikertzera bultzatu ninduen. Zorionez, antzinako Greziako eta Erromako emakume idazleak ezagutu nituen, tartean Safo. Tradizioa emakume poeta horiek isilarazten saiatzea erabat bidegabekoa denez, euskarara ekartzea eta euskal irakurleek ere Saforen poesiaz gozatzeko aukera izatea izan da nire helburu nagusia.

Bestalde, Azkoitian jaiotako Bizenta Mogel idazleak Esoporen Fabulak latinetik euskarara itzuli zituen, eta euskara hutsean idatziriko lehen liburuaren egilea bihurtu zen. Miresgarria iruditzen zait Mogelen eredua, eta neu ere antzeko zerbait egiten saiatu naiz, neurri batean, haren testigua hartuz.

Zergatik aukeratu dituzu Safo eta haren poemak?

Egilea eta haren mezua interesatzen zitzaizkidan batik bat, haren olerkien edertasunaz gain, noski. Safo eta gure arteko denbora distantzia ia-ia hiru mila urtekoa bada ere, haren poesiak zentzu askotan gu baino aurreratuago zegoen gizarte bat erakusten digu.

Adituek Saforen jaioterria Greziako Lesbos uharteko Mitilene hiriburuan kokatzen dute. Safori egozten diote, beraz, "lesbiana" terminoaren jatorria; izan ere, haren poema askoren hizpide da maitasun homoerotikoa, sexu bereko pertsonen arteko harreman erotikoa, alegia. Baina Safo hori baino askoz gehiago da. Edonolako etiketetatik erabat aske bizi zen, eta horrela adierazten zuen bere poemetan. Emakume zein gizonezkoak maitatzen zituen, ez baitzuen sexu bereizketetan denborarik galtzen.

Nolakoa izan da prozesua?

Jatorrizko testuarekin aritzeak sekulako gozamena eman dit, eta ikaragarri disfrutatu dut prozesuaz. Testua oso zatikatuta iritsi zaigunez, ikerketa lan handia eta testuen konparaketa ugari egin behar izan ditut. Hala ere, zailtasunak ez dira gutxi izan. Safok Greziako eoliar dialektoan konposatu zituen olerkiak, lesbiar modalitatean, hain zuzen. Hiztegi orokor gehienek koiné edo greko batua jasotzen dutela kontuan izanda, testu desberdinak arakatu behar izan ditut, batzuetan gaztelania hizkuntza zubi bezala erabiliz. Sarritan hitz batekin bueltaka aritu behar izan dut, ahalik eta itzulpen leialena egin ahal izateko, kutsu poetikoa galdu gabe.

Horretaz gain, Saforen olerkiak estrofa safikoan konposaturik daude –lau bertso-lerroz osatutako estrofak, hamaika silabako hiru eta bosteko bat–, eta horrek itzulpen lana areagotu du. Poesia lirikoa zenez, musikaren laguntzaz abestuak izateko konposatu ziren; nik metrika alde batera uztea erabaki dut, nire lana entzuleei baino gehiago irakurleei zuzendurik dagoelako eta erritmoari baino garrantzi handiagoa edukiari berari eman nahi izan diodalako.

Nola sentitu zara bidean?

Bidea, erraza izan ez arren, oso atsegingarria egin zait. Yves Bonnefoy frantziar poetak adierazi zuenez, "itzultzea poeta horrekin solasean aritzea da". Safo itzultzen jardun dudan denboran, berarekin hizketan ari nintzela iruditzen zitzaidan, metaforikoki batzuetan, benetan besteetan.

Behin itzulita, argitaletxeak bilatzea lan erraza al da?

Lana amaitu eta argitaletxeak topatzen hasi nintzenean, ziurgabetasun handia nuen. Nahiz eta Safok garrantzia izan, bai literaturan –bere olerkien handitasunagatik–, bai ondorengo idazleengan izan duen eraginagatik –askoren inspirazio iturri izan delako–, baita haren olerkietan ikus daitekeen pentsamendu aurreratuagatik ere, ez nekien euskal argitaletxeei interesatuko ote zitzaien K.a. VII. mendeko emakume batek idatzitako poesiaren itzulpena.

Nire harridurarako, ordea, argitaletxe kontuetan sarritan gertatzen ez den zerbait gertatu zitzaidan: Balea Zuria argitaletxeak berehala erantzun zidan, eta, are gehiago, erantzuna oso positiboa izan zen. Berehalako interesa erakusteaz gain, hasieratik izugarrizko grina azaldu du.

Noiz izango duzu liburua esku artean?

Egun gutxi barru argitaratuko da. Ondoren, zenbait liburu dendatan egongo da salgai. Norberak sortutako zerbait esku artean edukitzea baino plazer handiagorik ez dago, erditu berri den amak bere haurtxoa besoetan hartzen duenean bezalatsu. Liburuaren aurkezpena ekainaren 18an izango da, eta irrikan nago, bai neuk esku artean edukitzeko, bai ezagutzera emateko.

Nolako erantzuna jasotzea espero duzu?

Safo ezagutzen ez dutenengana iristea da nire nahia, poesia eta kultura klasikoa atsegin dutenengana iristeaz gain. Espero dut batzuek antzinako testuei izan diezaieketen beldurra kentzea eta literatura klasikotik asko ikasi eta gozatzeko aukera dagoela ohartaraztea.

Zeintzuk dira zure erreferentziazko idazleak?

Poesia idazteko garaian nigan eragina izan duten poetak, gehienbat, klasikoak dira; Katulo idazle latindarra, esaterako. Gaur egungoak aipatzekotan, ordea, Ida Vitale, Anne Carson eta Aurora Luque aipatuko nituzke, besteak beste.

Zer ematen dizu idazteak?

Idazteak ematen didana ezin dezaket egiten dudan beste ezerekin konparatu. Behar bat bezala sentitzen dut: buruan ditudan ideiak idatzita ikusi behar ditut. Normalean ez naiz lan bakar batekin soilik aritzen; denbora espazio berean lan bat baino gehiago izan ohi dut hasita, eta, unearen, gogoaren edo inspirazioaren arabera, bati edo besteari ekiten diot.

Idaztea, bakardadean egin beharreko lanketa, distrakzioetatik aldendurik egotea eskatzen duen prozesua da. Idazketak kontzentrazioa eskatzen du, norbera emozionalki ahalik eta egonkorrena mantentzea eta inguruko zarata fisikoak zein burukoak uxatzea.

Ofizioz irakaslea zara; zer nahiago, irakasten segi ala literaturatik bizi?

Aukera izango banu, literaturatik bizitzea gustatuko litzaidake, hori baita betidanik izan dudan ametsa. Zoritxarrez, ordea, oso idazle gutxi daude mundu osoan idaztetik soilik bizi direnak. Estatu Batuetan, esaterako, idazleen %5, gutxi gorabehera, bizi dira idazte hutsetik.

Berehalako baliagarritasunean oinarritzen den eta irabazi ekonomikoetan neurtzen den gizartean bizi garenez, literatura, kultura zuhaitzeko adar bat den heinean, bigarren mailakotzat jotzen da, azken finean inor diruz aberasten ez duelako. Hori horrela den bitartean, idaztea aisialdian egin beharreko zerbait bihurtzen da, eta modu horretan profesionalki aurrera egitea ia ezinezkoa da.

Nolako tokia duela uste duzu poesiak gizartean?

Gaur egun, zorionez, poesiak gero eta irakurle gehiago dituela uste dut. Beharrezkoa ikusten dut, ordea, irakaskuntzan poesiari merezi duen lekua egitea eta alor horretan eguneratzea. Izan ere, sarritan, poesiari buruz dugun irudia ikasle garaian azaldu zigutena da, eta, gehienetan, ez da oso erakargarria izaten. Bestalde, hedabideek ere hertsitasun hori apurtu eta mugak zabaltzen laguntzea beharrezkotzat jotzen dut, poesia gazteen artean bultzarazi nahi baldin bada behintzat.

Horretaz gain, emakume poetei gizartean orain arte izan ez duten lekua egiteko garaia dela ere iruditzen zait, asko baitira mundu osoan zehar hizkuntza desberdinetan poesia sortu duten emakumeak.

Nolakoa da poemak atsegin dituen publikoa, zure ustez?

Poesia irakurtzeko, sentiberatasun apur bat besterik ez da behar. Ez dauka zertan publiko aditua edo sasi-jakintsua izan. Edozein izan daiteke poesia irakurle, betiere bakoitzak bere estiloa, gaia edo gustuko autorea topatzen baldin badu.

Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu poemagintzari, eta bereziki euskarazkoari?

Poemagintzaren etorkizuna orain artekoaren antzekoa ikusten dut, zerikusirik ez duen ogibide batekin aldi berean egiten den zerbait izaten jarraitzen duen bitartean, behinik behin.

Euskarazko poemagintzari dagokionez, Balea Zuria argitaletxea egiten ari den ahalegin handia erabat laudagarria da; izan ere, euskal poesiari arnasa emateko ikaragarrizko eginahalak egiten ari da. Nire kasuan zehazki, argitaletxeak hasieratik egin du apustu nire lanaren alde, eta ez nuke elkarrizketa hau bukatu nahi nire esker ona azaldu gabe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide