Oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa egin dute goizean

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 6a, 14:00
Kontzejupean jarri dute mahai bat. Eroski supermerkatuan bestea. (Argazkia: utzitakoa)

Eroski supermerkatuan eta herriko plazan egin dute bilketa, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideak gustura agertu dira jendeak emandako erantzunarekin.

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak martxan jarritako oinarrizko produktuen eta elikagai bankuaren ekimena Azkoitira ere iritsi da. 09:00etatik 14:00etara bitartean, sareko kideek Eroski supermerkatuan eta herriko plazan produktuak biltzeko guneak jarri dituzte. Horrez gain, Azkoitiko Eroski txikian utzitako kutxetan produktuak eta elikagaiak uzteko aukera ere jarri dute. Ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere eskaini du, ordea, Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak. 

Sareko kideak gustura agertu dira herritarrek gaur goizean zehar egindako ekarpenekin. Besteak beste, arroza, lekaleak, pasta, egindako tomatea, konpresak —arruntak zein gauekoak—, pixoihalak, komuneko papera, esnea, kakaoa, olioa, gailetak, zerealak eta tostadak jaso dituzte supermerkatuen atarian. 

Bildutako produktuak beharra duten herritarren artean banatuko ditu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak. Elkartasunean eta lan boluntarioan oinarritzen den proiektua dela adierazi dute sareko kideek. Boluntario izan nahi dutenek 643 71 96 82 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute.

Goizean bildutako produktuak eta elikagaiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide