San Jose egoitzako egoiliarrak bisitatzeko aukera izango dute senideek bihartik aurrera

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 7a, 09:01
San Jose egoitza.

Eguneko zentroa astelehenetik ostiralera bitartean egongo da zabalik. Apartamendu tutelatuetako gizon-emakumeek, berriz, egoitzatik irteteko aukera izango dute. 

Martxoaren 14an erabaki zuen Gizarte Politikako Departamentuak Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentro guztien aldi baterako ixtea. Erabaki horren aurretik, ordea, egoiliarrek pertsona bakarraren bisita jaso zezaketen egunean zehar, eta egoitzan sartzerako orduan kontrol neurriak pasa behar izaten zituzten bisitariek, tenperatura hartzea kasu. 

Bihartik aurrera —astelehena— San Jose egoitzako egoiliarrek beren senideen bisitak jaso ahal izango dituzte. Egoiliar bakoitzak astean pertsona baten bisita bat jaso ahalko du, eta ordu erdiz egon ahal izango dute elkarrekin. Lehen bi asteetan egoiliarrari bisita egingo dion senideak berdinak izan beharko du.

Halaber, egoiliarren eta langileen osasuna bermatzeko, hainbat segurtasun neurri hartu beharko dituzte bisitariek egoitzara sartu aurretik. Besteak beste, ezingo dute kontaktu fisikorik izan egoiliarrarekin, bi metroko distantzia gorde beharko dute elkarren artean eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da.

Bestalde, eguneko zentroa ere astelehenean zabalduko dute. Ostiralera bitartean egongo da irekita, ez baitute asteburuan zerbitzurik eskainiko. Apartamentu tutelatuetako erabiltzaileek, berriz, egoitzatik irteteko aukera izango dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide