Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eraikitzeko lanak esleitu ditu aldundiak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 5a, 15:04

Lau hilabeteko exekuzio epea izango dute Aizpurutxon oinezkoen pasabidea eraikitzeko lanek. 257.366,07 euroko balioa izango du kontratuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esleitu ditu Aizpurutxon oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak. Construcciones Zubieder da esleipenduna. Kontratuak 257.366,07 euroko (BEZ gabe) balioa du eta lau hilabeteko exekuzio epea aurreikusi dute. Esku-hartzea Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntza lanen lehen fasea litzateke.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea itxaropentsu agertu da. "Foru Aldundiaren aurrekontuan emandako jaitsierak pentsarazten du erakundeak esku artean dituen proiektuak atzeratu daitezkeela, baina Aizpurutxoko lanen adjudikazioak, dena oraindik erdi geldituta dagoenean, gauzak baikortasunez ikustera eraman nau. Aurrera goaz eta hartuko dugu abiadura. Hasitakoa hasita egoten da", azaldu du.

Aizpurutxon, Erdikobenta eta Ibaiondo artean oinezkoentzako pasabidea eraikiko dute galtzadaren ondoan. Aldi berean, oinezkoen pasabidea ibaiaren beste aldera igaroko da eta horretarako zubi bat eraikiko dute. Lanen helburua "oinezkoei segurtasuna bermatzea" dela azaldu dute, orain errepide ertzetik ibili beharra dutelako oinezkoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide