Oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa egingo dute bihar Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 5a, 13:10

Eroski supermerkatuan eta herriko plazan bihar, zapatua, egingo dute bilketa, 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak martxan jarritako oinarrizko produktuen eta elikagai bankuaren ekimena eskualdera zabaldu da. Hori horrela, bihar —zapatua— eta datozen asteetan, Azpeitian ez ezik, Azkoitian eta Zestoan ere produktuen bilketa egingo dute.

Azkoitian Eroski eta BM supermerkatuen atarietan egingo dute oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa; 09:00etatik 14:00etara jasoko dituzte dohaintzak. Horrez gain, Azkoitiko Eroski txikian sareak utziko dituen kutxetan ekarpena egiteko aukera ere egongo da. Ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere eskaini du, ordea, Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak. 

Arroza, lekaleak, pasta, egindako tomatea, konpresak —arruntak zein gauekoak—, pixoihalak, komuneko papera, esnea, kakaoa, olioa, gailetak, zerealak eta tostadak jasoko dituzte, besteak beste supermerkatuen atarian. Bildutako produktuak beharra duten herritarren artean banatuko ditu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak. 

Elkartasunean eta lan boluntarioan oinarritzen den proiektua dela adierazi dute sareko kideek, eta datorren astetik aurrera boluntarioak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte. Zapatuan bertan, Eroski supermerkatuan eta herriko plazan informazio gehiago egongo da eskuragarri boluntarioentzat. Boluntario izan nahi dutenek 643 71 96 82 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide