Txerloiako tenis pistak berriro zabaldu dituzte

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 26a, 11:57
Txerloiako tenis pistak.

Deseskalatzearen bigarren fasean, hainbat neurri hartuta bada ere, zabal daitezke kirol instalazioak eta igerilekuak. Azkoitiko Udalak adierazi duenez Txerloiako tenis pistak erabilgarri daude berriro, baina ez du zehaztu noiz irekiko dituzten herriko gainontzeko kirol instalazioak.

Deseskalatzearen bigarren fasean kirol instalazio publikoak nahiz pribatuak eta igerilekuak irekitzea baimendu du Espainiako Gobernuak, baina Azkoitiko Udalak gaur-gaurkoz ez ditu horiek zabaldu. Zubiaurre kiroldegia, pilotaleku publikoak eta beste hainbat instalazio itxita daude herrian.

Hala ere, Txerloiko tenis pistak gaurtik aurrera zabalik daudela azaldu du udalak, baina hainbat osasun eta segurtasun neurri ezarri dituzte pista horiek erabiltzeko. Banaka jokatu ahalko dute herritarrek tenisean, eta ez bikoteka; eta pistak erabiltzeko aurrez txanda hartu beharko da 669 621 802 telefonora deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita. Txanda hartzeko ordutegia honakoa izango da: goizez, 9:00etatik 13:00era, eta arratsaldez, 15:00etatik 21:00etara. Pistak astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, 9:00etatik 14:00etara egongo dira zabalik.

Udalak ez du zehaztu noiz zabalduko dituen gainotzeko kirol instalazioak, baina bigarren fasea indarrean den bitartean zabaltzen baditu, sar daitekeen pertsona kopurua %30ean mugatuko dute. Kanpoko nahiz barruko igerilekuen kasua ere bera da: edukiera %30era mugatu behar da, baina beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide