Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko plantaren inguruan gremioek "konponbidea" eskatu diotela azaldu du Udal Gobernuak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 22a, 10:09

Azkoitiko Udaleko alderdietako ordezkariek eta gremioen ordezkariek bilera egin zuten asteartean, hilak 19. Bilera horretan hitz egindakoaz eta gremioek egindako eskaerez oharra plazaratu du Udal Gobernuak. EH Bilduk eta Azkoitia Baik, berriz, beste ohar bat atera dute, Udal Gobernuak esandakoei "zuzenketa" eginez.

Asteartean, hilak 19, bilera egin zuten Azkoitiko gremioetako kideek eta udal ordezkariek, eta Udal Gobernuak oharra plazaratu zuen atzo, bilera horretan hitz egindakoaz. Gremioek udalari Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) plantaren inguruan "konponbidea" eskatu diotela azaldu du Udal Gobernuak.

Eraikuntza sektoreko autonomoek eta enpresa txikiek birziklatze planta bat "beharrezkoa" dutela adierazi diote erakundeari, eta Udal Gobernuaren arabera, ordezkari politiko guztiak bat datoz esatean Azkoitian beharrezkoa dela birziklatze planta bat. Udal Gobernuaren oharraren puntu horri "zuzenketa" egin diote, ordea, EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Ohar bateratua atera dute oposizioan dauden bi taldeek. "Ez datoz bat", diote, Udal Gobernuak bere idatzian egiten duen baieztapen horrekin. "Ez Azkoitia Baik eta ez EH Bilduk ez zuten horrelako baieztapenik egin asteartean gremioekin egin zen bileran. Azkoitia Baik esan zuen Eusko Jaurlaritzak EEH planta nahikoa zeudela esaten zuela, eta guztia ondo aztertu beharko litzatekeela. Eta EH Bilduk, berriz, zaborrarekin arazo orokorra dagoela esan zuen, eta erantzun globala eman behar zitzaiola. Baina bi alderdietako inork ez zuen esan obra hondakinen birziklapen planta baten beharra zegoenik Azkoitian. Beraz, Udal Gobernuari guk esandako hitzen erabilera okerra ez egiteko eskatu nahi diogu. Gai polemikoa da herrian eta gardentasunez jokatu behar dugu guztiok".

"Eztabaidak beste noranzko bat"

Gremioekin bildu ostean, honakoa adierazi du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak: "Uste dut Azkarateko proiektuaren inguruko gatazkak eztanda egin eta hori zabortegitzat hartu
ostean, eztabaidak beste noranzko bat hartu duela. Orain, eztabaida da birziklatze plantak
publikoa edo pribatua izan behar duen. Prest gaude alde guztientzat onena den soluzioa
bilatzeko, horixe da eta hasieratik nahi izan duguna. Pixkanaka aurrera goaz. Azkarateko
plantak zabortegia izaten amaituko duela esatetik, birziklatze planta bat beharrezkoa dela
esatera pasatu gara”.

Bestalde, Zubizarretak azaldu du gaur egungo legediak ez duela onartzen EEHen kudeaketa publikorik, ez baita udalen eskumenen barruan sartzen. Udalak "hiri hondakinak bakarrik" kudeatu ditzakeela azaldu du alkateak, eta obra handietako hondakinekin dagoela arazoa.

Gremioak, konponbide eske

Gremioen eta udal ordezkarien arteko bileraren ondoren, haien eskaria "argia" dela dio Udal Gobernuak, eta esan du gremioetako ordezkariak 2009. urtetik ari direla EEHentzat planta bat aldarrikatzen. Horrez gain, argitu du gremioek garbi utzi nahi izan zutela ez zirela Larke 360 ordezkatzen ari, eta berdin zitzaiela planta publikoa edo pribatua izan, baita plantak zein kokapen duen ere. Ildo horretatik, Udal Gobernuak dio langileek diotela Lapatx zabortegiak obra hondakinentzat planta bat izango balu, arazoa "konponduta" legokeela, baina obra txikietako hondakinak soilik kudeatzen direla han. Gremioek bileran esandakoekin jarraituz, gaineratu du haien ordezkariek "kolore politikoa alde batera" uzteko eskatu zietela udal ordezkariei. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide