Azkarateko hondakin gunea

Gremioekin bilera izan ostean, EEH plantek "kudeaketa publikoa" behar dutela berretsi du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 21a, 09:03
Azkaraten egin nahi den EEH plantaren gunea. (Argazkia: EH Bildu)

Joan den asteartean izan zuten bilera udaletxean udal ordezkariek eta Azkotiko gremioetako kideek. Koalizio abertzaleak bere balorazioa egin du bileraren gainean, eta EEH plantek "kudeaketa publikoa" izan behar dutela berretsi du.

Azkoitiko EH Bilduk bere balorazioa egin du asteartean —maiatzak 19—Azkotiko gremioen ordezkariekin udalean bilera egin ostean. Koalizioak "argi eta garbi" utzi nahi izan du ez daudela Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) planten aurka. "Horrelako plantak behar dira birziklapen erreala gauzatzeko, baina ez edozein preziotan", adierazi du EH Bilduk. Planta horien kudeaketak "publikoa" izan behar duelakoan dago koalizio abertzalea. "Hondakin planta horien kudeaketak publikoa izan behar duela uste dugu, administrazio publikoek behar bezalako kontrolak egin ahal izateko eta kontrol ezagatik zabortegi ez bihurtzeko. Gainera, ingurumenari ahalik eta eragin gutxiena egiteko, horrelako plantak lur industrialetan egin behar direla uste dugu". 

Azkoitiko EH Bilduk, gainera, bileran Garbigunearen eta Lapatxen jardunari buruz hainbat datu eman zuela adierazi du. "Lapatxek obra txikietako hondakin guztiak jaso eta kudeatzen ditu obrako baimenak erakutsiz gero", nabarmendu du. Herritarrek Garbigunera eraman dezaketen hondakin kilo kopurua zein den ere azaldu du koalizioak. "Herritarrek astean 500 kilo eraman ditzazkete Garbigunera, baina gremioek ez dute kilo mugarik Lapatxen. Beraz, herriko gremioetako askok obra txikietan lan egiten dutela kontuan izanda, ez dugu arazoa hain larritzat jotzen", adierazi du EH Bilduk. 

EH Bilduk jakinarazi du gremioek bileran azaldu zutela hondakinak Astigarragara eramatea "garesti" ateratzen zaiela, eta hori dela "kexa nagusia" gremioko ordezkarien artean. "Beraz, argi dagoena da arazoa gehienbat ekonomikoa dela eta ez hondakinak nora bota aukerarik ez dutela", azaldu du koalizioak. 

EH Bilduk adierazi du "hondakinen arazoari konponbidea" aurkitzeko beraiekin "kontatu" dezaketela. "Guztion artean ahalik eta irtenbide egokiena aurkitzeko prest gaude", azaldu du koalizio abertzaleak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide