Osasungintzako asistentzia-jarduerara itzultzeko lehen pausoak, Goierri-Urola Garaiko ESIan

Anbulatorioetako aurrez aurreko arretan, denboraldi batean jendearentzako "zirkuitu desberdinak" mantenduko dituzte, gerta litezkeen COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoen kasuak artatzen segitzeko. Goierri eta Urola Garaiko ESIk azaldu duenez, kontsultak nola egin baloratzen ari dira oraindik.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak eraginak izan ditu herrietako anbulatorioetan, baina pixkanaka ari dira lehengo zerbitzuak eskaintzera itzultzeko lanean. Goierri eta Urola Garaiko Osakidetzaren Erakunde Sanitario Integratua (ESI) –horren parte da Azkoitiko anbulatorioa– asistentzia-jarduerara itzultzeko plangintza egiten hasi da, eta gaur azaldu dituzte hartutako erabakien inguruko zenbait xehetasun. 

Anbulatorioetako aurrez aurreko arretari dagokionez, denboraldi batean jendearentzako "zirkuitu desberdinak" mantenduko dituzte, gerta litezkeen COVID-19 gaitzarekin kutsatutako kasuak artatzen segitzeko. Goierri eta Urola Garaiko ESIk azaldu duenez, ospitalean ebakuntza-gelak berriz irekitzen hasi dira, eta programatutako ebakuntzak egin dira. Era berean, hainbat proba diagnostiko egiten hasi dira. Kontsultei dagokionez, telefono bidezko edo aurrez aurreko arreta eskaintzea baloratzen ari dira. 

Argibideak eta gomendioak 

Goierriko eta Urola Garaiko ESIk hainbat jarraibide eman ditu, anbulatoriora edo ospitalera joan behar dutenei zuzenduta:

Sukarra, arnas sintomak (eztula, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasuna) izanez gero, usaimena edo gustua galdu baduzu, edo COVID-19a diagnostikatutako pertsona batekin isolatuta edo kontaktu estuan egon bazara, jarri harremanetan telefonoz zure osasun-zentroarekin, nolako osasun-arreta eta non jaso behar duzun baloratu dezaten.

Bakarrik joan ezin baduzu, laguntzaile bakarra eraman, COVID-19aren sintomarik ez duena. Laguntzaile horrek zentroaren kanpoaldean itxarongo du, baldin eta zure egoerak ez badu eskatzen hura kontsultan zurekin batera egotea.

Pazienteei eta haien laguntzaileei zuzendutako jarraibideak: 

  • Eskuen higienea egin, bai osasun-zentrora iristean, handik irtetean nahiz jende ugarik uki ditzaken gainazalak ukitu ondoren ere.
  • Eskularruak jantzita badituzu, kendu, eta eskuen higienea egin.
  • Maskara ondo jarrita eraman, sudurra eta ahoa une oro estaliz:
    • Maskarak balbularik gabekoa izan behar du
    • Maskara ezin dute erabili 2 urtetik beherako haurrek, arnasa hartzeko arazoak dituztenek, konorterik gabe edo ezgaituta  daudenek edo maskara laguntzarik gabe kendu ezin dutenek.
    • Ez ukitu aurpegia eta maskara.
  • Osasun-zentrora segurtasunez joateko: etxetik maskararekin atera, eskuen higienea egin eta segurtasun-tartea gorde.
  • Gainerako pertsonekiko 2 metroko distantzia gorde une oro
  • Hitzartutako orduan joan.
  • Igogailuen erabilera mugatzeko arauak errespetatu.
  • Ez agurtu elkar ukituz.
  • Debekatuta dago zentroko instalazioetan paseatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide