Gaur hasiko gara banatzen apirileko eta maiatzeko Maxixatzen aldizkariak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 8a, 11:22

Maiatzeko Maxixatzen aldizkariarekin batera jasoko dute bazkideek apirileko aldizkaria ere. Koronabirusak eragindako itxialdiaren ondoren, Maxixatzenek apirileko aldizkaria ez banatzea erabaki zuen. Orain, bi aleak jasoko dituzte bazkideek etxean.

Gaur, maiatzak 8, hasiko da banatzen Maxixatzen apirileko eta maiatzeko aldizkariak. Bazkideek azken bi aleak jasoko dituzte beren etxeetako buzoietan; izan ere, Maxixatzenek apirileko zenbakia ez banatzea erabaki zuen, inprentetako langileen eta banatzaileen segurtasuna bermatzeko.

Diseinua eta neurria aldatu diogu Maxixatzen aldizkariari, eta gaurtik aurrera eskuetan izateko aukera izango dute azkoitiarrek. Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) beste aldizkarien antzeko itxura izango du aldizkariak aurrerantzean, eskualdeko aldizkarien irudia bateratze aldera, baina izena eta izana galdu gabe.

Maxixatzen hedabidea iaztik eskualdeko beste hedabideekin batu eta elkarrekin ari da lanean UKTren aterpean. Egitura bateratuaren bidez, tokikotasunetik gure irakurleei ahalik eta zerbitzu hoberena ematea da helburua, bai aldizkarian, bai webgunean.  

Maiatzeko alean zer?

Hitz bitan elkarrizketa motzean Maje Larrañaga Bizkargi musika eskolako eta Floreaga ikastetxeko irakaslea izango da protagonista. Izpiak eta hizkiak argazkiaren tartean, berriz, Ainara Garciaren argazkia ikusteko aukera egongo da. Itxialdian festarako grina erakutsi du herritar askok, eta hainbat herritarrekin hitz egin du Maxixatzenek. Bestaldetik elkarrizketan, bestalde, Intza Lizarazu ISBko saskibaloi jokalariak bere hainbat kontu azaldu ditu.

Erretratua atalean, aldiz, Jose Luis Garate suhiltzaile azkoitiarra izango da protagonista. Gorka Larrañagak egindako irudiari Garateren kontakizunek lagunduko diote. Akordatzen? atalean, halaber, zendu berri den Txetxu Urteagari buruzko ereportajea landu du Maxixatzenek. Klik! argazki erreportajean Alex Berasategik konfinamendu sasoiko argazkiak jaso ditu, herria ilun eta isilik zegoen garaia erakusteko. Atal horiez guztiez gain, iritzi ugari eta jolasak ere izango dira Maxixatzenen aldizkari berrian. 

Egin zaitez Maxixatzeneko bazkide!

Maxixatzeneko bazkide egin zaitezke urtean 25 euro ordainduta. Horrekin, herriko euskarazko proiektua hauspotuko duzu. Eguneko informazioa izango duzu sarean eskuragarri, eta Maxixatzen aldizkaria jasoko duzu hilero. Era berean, Maxixatzenen zozketetan parte hartzeko aukera ere izango duzu. Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide