Kalera irteteko irrikan dago Txolarteko kuadrilla

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 7a, 17:56
Martxan jarri duten kanpainarako jaso duten marrazki bat.

Martxoaren 14an elkartu ziren azkenengoz Azpeitiko Txolarte aisialdi programan parte hartzen duten erabiltzaileak eta boluntarioak, tartean, Azkoitiko hainbat lagun. Larunbaterako Azpeitian egitea aurreikusita zuten Kuadrilla Eguna bertan behera utzi behar izan badute ere, kanpaina berezia egin dute "sentsibilizazioan eta inklusioan" eragiteko. Eta erantzuna "ikaragarria" izan dela azaldu du Maite Azkue Azpeitiko Txolarteren koordinatzaileak.

Atzegiren Txolarte programan parte hartzen duten kideak larunbatean Azpeitian ziren egitekoak urtero Gipuzkoako txoko desberdinetan ospatzen duten Kuadrilla Eguna, baina gainerako egitasmo guztien gisan, hori ere bertan behera utzi behar izan dute koronabirusaren osasun krisia tarteko.

Aurtengo Kuadrillen Eguna Azpeitian egitea erabaki zuen Atzegik. Hala azaldu du Maite Azkue (Azpeitia, 1995) Azpeitiko Txolarte aisialdi programaren koordinatzaileak: "Gipuzkoako topaketa Azpeitian egitea erabaki zen herri egokia delako. Hainbat ekitaldi egitea aurreikusten genuen, baina ezinezkoa izan da". Hainbat ekitaldi zuten prestatuta, hala nola musikaz lagundutako harrera, kalejira, bazkaria eta Txolarteko kideen emanaldia, baina datorren urteko Kuadrillen Egunean gauzatu beharko dituzte, edo beste data batean.

Hala eta guztiz, Txolarteko boluntarioek "beste zerbait" antolatzea erabaki zuten, "inklusioa eta sentsibilizazioa helburu» hartuta. Izan ere, Azkueren arabera, jendeak ez daki Txolarte zer den. Hori dela eta, erronka berezi bat jarri zuten abian duela egun batzuk: Gu ere Kuadrilla Egunarekin bat #Txolarte2020 lelopean, egoerara moldatutako erronka jarri dute martxan.

Herritarrek argazkiak, bideoak edo sortutako edukiak sortzeko eta Txolarteko kideei bidaltzeko aukera izan dute egunotan, eta Azkuek azaldu duenez, "erantzun oso ona" izan du egitasmoak. "Sare sozialetan-eta zabaldu genuen kanpaina, merkatariekin harremanetan jarri ginen, eta egia esan, erantzuna ikaragarria izan da; argazki ugari jaso ditugu. Herrian babesa dugula sentitu dugu, eta hori izugarria da guretzat". Jasotako irudi guztiekin osatutako bideo bat kaleratuko dutela ere aurreratu du Azpeitiko koordinatzaileak.

 

Harremanei eusten

Urteak dira Txolarte programa martxan dela, eta Gipuzkoako hainbat herritan dituzte taldeak osatuta. Azpeitian ere larunbatero elkartzen dira boluntarioak eta erabiltzaileak, aisiaz gozatzeko, eta Azkuek dioenez, kuadrilla bat osatzen dute guztiek.

Dena den, COVID-19 gaitzak eragindako alarma egoera ezarri zutenetik bertan behera da Txolarteren aurrez aurreko jarduna, baina bilatu dituzte asteroko kuadrillaren harremanari eusteko bideak. "Orain etxetik bada ere, bideo-deien bidez hitz egiten dugu elkarrekin. Whatsapp talde bat ere badugu, eta mugimendu handia izaten da bertan; argazkiak, bideoak...".

Martxoaren 13tik ez da elkartu kuadrilla fisikoki, baina juntadizoei berrekiteko desiratzen daudela azaldu du Azkuek: "Egoera halakoxea izan da, baina ea laster elkarrekin ateratzeko aukera ematen diguten".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide