Gaur itxiko da Herrixenek haurrentzat antolatutako marrazki lehiaketan parte hartzeko epea

Maxixatzen.eus 2020ko api. 30a, 09:33

3-12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute 'Gure superheroiak' marrazki lehiaketan, eta Herrixenek 100 euroko hiru bonu banatuko ditu irabazleen artean. Gaur amaituko da parte hartzeko epea.

Gaur, apirilak 30, amaituko da Herrixen merkatari elkarteak antolatutako Gure superheroiak marrazki lehiaketan parte hartzeko epea. 3 eta 12 urte arteko Azkoitiko haur eta gaztetxoei zuzendurik dago lehiaketa, eta gaia "herriko saltokietan ditugun superheroiak" izango da. Herrixenek azaldu duenez, marrazkia errealista, fantastikoa, umorezkoa, beldurgarria, hezigarria, eguneroko egoerak islatzen dituena nahiz futurista izan daiteke, besteak beste.

Lehiaketa hiru mailatan banatuko dute: 3-5 urte bitarteko haurrak, 6-9 urte bitartekoak eta 10-12 urte bitartekoak; gehienez marrazki bat aurkeztu ahal izango du haur bakoitzak. Lanak eskuz egin beharko dira, Din A4 neurriko orri batean; modu horizontalean zein bertikalean egin daitezke marrazkiak, eta edozein teknika erabilita. 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, beren marrazkia 608 313 024 zenbakira bidali beharko dute Whatsapp bidez, eskaneatuta (koloretan) edo argazki baten bidez. Marrazkiarekin batera, parte hartzailearen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztu beharko dira beste orri batean.

Jasotako marrazki guztiak Herrixen merkatari elkartearen Facebook orrialdean eskegiko dira modu anonimoan, eta 'Atsegin dut' botoiaren bidez marrazki gustukoenak aukeratu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Maiatzaren 8an, 12:00etan 'Atsegin dut' gehien dituzten marrazkiak sarituko dituzte: maila bakoitzeko 100 euroko bonu bat banatuko dute. Aldi berean, Facebooken botoa ematen duten erabiltzaile guztien artean 50 euroko bonu bat zozkatuko dute. Erosketa txartel hori, Herrixen elkarteko saltokietan erabili ahal izango da.

Herrixenek adierazi duenez, ez dira onartuko marrazki iraingarriak, sexistak, arrazistak edo antzerako ideiak sustatzen dituztenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide