Azkarateko hondakin gunea

'Arriskua airetik dator' egitasmoarekin bat egiteko deia egin dute Azkarate Garbi taldeek

Maxixatzen.eus 2020ko api. 25a, 09:39

Gurasosek biharko jarri du hitzordua: 12:00etan izango da, eta balkoian zerbait beltza jartzeko eskatzeaz gain, lapiko-jotzera edo sirena jartzera deitu du taldeak. Azkarate Garbi plataformak eta Azkarate Garbi auzotarren taldeak bat egin dute kutsaduraren aurkako egitasmoarekin.

Gurasos plataformak biharko, igandea, deitu duen Arriskua airetik dator egitasmoarekin bat egin dute Azkarate Garbi plataformak eta Azkarate Garbi auzotarren taldeak. Hain zuzen ere, bihar, 12:00etan, balkoietan zerbait beltza jartzeko eta sirena pizteko edo lapikoak jotzeko deia egin du Gurasosek, eta Azkarateko hondakinen plantaren afera tarteko, Azkoitiko bi taldeek ere bat egin dute.

Gurasosek azaldu duenez, 1937ko apirilaren 26an sirena hotsak jo zuen Gernikan, eta Txernobilen 1986an. Bihar, apirilaren 26a izango denez, sirenak "kutsaduraren pandemiaren alerta emateko" entzungo direla azaldu du taldeak. "Kutsaduraren eraginez, urtero 40.000 lagun hiltzen dira Espainiako estatuan, eta 2.500 Euskal Herrian. Zientzialarien arabera, kutsadurak nabarmen areagotzen du COVID-19aren hilkortasuna eta zabalpena", jakinarazi du Gurasosek Harvard Unibertsitatean egindako ikerketa baten emaitzak oinarri hartuta.

Azkarate Garbi auzotarrek ere ildo beretik hitz egin dute, kutsadura gaur egungo "arriskurik handienetakoa" dela esanda. Eta "hainbat ikerketek ere horrela nabarmentzen dute", haien arabera. "Ingurunea ez ezik, bertan bizi garenok ere kutsatzen gaitu, horrek ondorio larriak ditu osasunean eta bizi kalitatean". Azkoitia Garbi auzotarren taldeak COVID-19a eta Azkaraten egin nahi duten hondakinen gunea direla eta, biharko egitasmoan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Hona hemen, biharko deialdirako egin duten bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide