Azkarateko hondakin gunea

Hirigintza arauen aldaketa prozedura eten du udalak Azkarateri buruzko behin betiko erabakia hartu bitartean

Maxixatzen.eus 2020ko api. 23a, 21:07
Udaletxean egindako bilkura bateko irudia.

Alkateak guztien arteko adostasunik gabe Azkarateko hondakin gunea ez dela eraikiko berretsi du gaur egin den Hirigintza Batzordean, eta hirigintza arauen aldaketa prozedura eten dela azaldu du.

Hirigintza Batzordea egin dute gaur, osteguna, Azkoitiko udaletxean, eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak berretsi du birziklapen plantarik ez dela egingo Azkaraten "guztien adostasunik eta ahobatekotasunik gabe". Halaber, eta Azkarateko gunearen inguruan behin betiko erabakia hartu bitartean, udalak hirigintza arauen aldaketa prozedura etengo duela jakinarazi du. "Lasaitasun giroa bermatzen laguntzeko eta gaizki ulertuak saihesteko xedez, arauen aldaketa [hainbat aldaketa hartzen ditu barne] bertan behera geratuko da momentuz ezer erabaki arte", jakinarazi du udalak.

Adostasunik lortzen ez bada eta Azkarateko hondakin guneari bideragarritasunik ez bazaio ematen, arau aldaketa atzera eramateko udalak eman behar dituen urratsak zein diren azaldu dituzte batzordean. "Atzera eramate horrek berak izapide jakin batzuk eskatzen ditu legediaren arabera, baina guztiz egingarria da", nabarmendu du udalak.

Era beran, udalak adierazi du behin betiko erabakia Hirigintza Batzordearen bueltan egingo den partaidetza prozesuaren ondoren hartuko dela. Partaidetza dinamika alarma-egoera amaitu ondoren jarri nahi du martxan Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide