Azkarateko hondakin gunea

Azken egunetako informazioaren gaineko hainbat zehaztapen

Maxixatzen.eus 2020ko api. 23a, 13:30

Azkarate Garbi auzotarren taldeko kideek azken egunetako informazioaren gaineko hainbat zehaztapen azalduz gutuna bidali dio Maxixatzeni. Hona hemen gutuna:

Atzo Whatsappez zabaldu zen mezuaren inguruan gertatu zena ikusi eta herrian izan duen oihartzunaren ondoren, Azkarate Garbi auzotarren taldeak publikoki salatu nahi du gertatutakoa.

Zabaldu zen mezua taldearen barne eztabaida batean planteatu zen hipotesi edo egoera posible bat besterik ez zen. Ez luke inondik inora ere talde edo testuinguru horretatik kanpora atera behar, mezua taldearen informazio pribatua eta konfidentziala zelako.

Taldeak informazio horren filtrazioa hackeo bidez edo asmo txarrez egina izan dela uste du, eta hori onartezina da. Hori dela eta, taldeak neurriak hartuko ditu berriro horrelakorik ez gertatzeko eta taldearen barne funtzionamenduaren biolaziorik berriro gerta ez dadin.

Bestalde, Azkoitiko Udalak bileraren inguruan dioena argitzea ere nahiko genuke. Azkarate Garbi plataformakoek eta Azkarate Garbi auzotarrok ez genuen bidezkoa ikusten udaletxera deituak izatea, alarma-egoera dela eta geuk biltzeko aukerarik ere ez dugunean. Horregatik, eta Azkarateko hondakin plantaren inguruan aurreko astean udalak eginiko adierazpenak berri on bezala hartu ostean, bilera alarma-egoera bukatu arte atzeratzea eskatu genuen.

Atzo —apirilak 22—, ordea, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian berriro ere berri txarrak jaso genituen. Azkoitiko Udalak herriko arau subsidiarioak aldatzeko eta Azkarateko lurrak lurzoru urbanizagarri bihurtu ahal izateko aukera ematen duen baimena argitaratu zen dokumentuan. Honela dio:

"E) Lurzoru urbanizaezinaren antolamendua berrikustea: lurzoru urbanizaezinaren zonifikazioa eguneratzen da, egokitzeko bai lurralde eta sektore-antolamendura bai indarreko Arau Subsidiarioak 2007an onartu zirenetik gaur egunera bitartean onartu diren eta Azkoitiko udal-mugartean eragina duten babes figuretara".

Hori gutxi balitz, prozedura hori bertan behera geratu zen COVID-19aren ondorioz alarma-egoera deklaratu zenean. Martxoaren 26an, ordea, Azkoitiko Udalak adierazi zuen "ez zegoela ados prozedura izapidetzeko epea bertan behera uztearekin, eta prozedura izapidetzea eskatu zuen, ulertuta, argi eta garbi, interes orokorreko espediente bat zela".

Kontuan izanik orain arteko prozesu osoa ezkutuan eman dela, eta gainera, alarma-egoeran egonda ere, udalak espediente honekin jarraitzeko presa erakutsi duela, Azkarate Garbi auzotarrak taldeko kideak oso kezkatuta gaude udalak eman ditzakeen hurrengo pausoekin.

Hori dela eta, udalari proiektu honen inguruko erabaki guztiak geldiarazteko eskatu nahi diogu publikoki, aurreko astean aipatu zen adostasuna lortu arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide