Herrixen merkatari elkarteak haurrentzako marrazki lehiaketa jarri du martxan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 23a, 10:40

3-12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute 'Gure superheroiak' marrazki lehiaketan, eta Herrixenek 100 euroko hiru bono banatuko ditu irabazleen artean.

Gure superheroiak marrazki lehiaketa jarri du martxan Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak, eta dagoeneko parte hartu daiteke bertan. 3-12 urte arteko Azkoitiko haur eta gaztetxoei zuzendurik dago lehiaketa, eta gaia "herriko saltokietan ditugun superheroiak" izango da. Herrixenek azaldu duenez, marrazkia errealista, fantastikoa, umorezkoa, beldurgarria, hezigarria, eguneroko egoerak islatzen dituena nahiz futurista izan daiteke, besteak beste.

Lehiaketa hiru kategoriatan banatuko dute: 3-5 urte bitarteko haurrak, 6-9 urte bitartekoak eta 10-12 urte bitartekoak, eta gehienez marrazki bat aurkeztu ahal izango du haur bakoitzak. Lanak eskuz egin beharko dira, Din A4 tamainako orri batean; modu horizontalean zein bertikalean egin daitezke marrazkiak, eta edozein teknika erabilita. 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, beren marrazkia 608 313 024 zenbakira bidali beharko dute whatsapp bidez, eskaneatuta (koloretan) edo argazki baten bidez. Marrazkia aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da. Marrazkiarekin batera, parte-hartzailearen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia adierazi beharko dira beste orri batean.

Jasotako marrazki guztiak Herrixen merkatari elkartearen Facebook orrialdean eskegiko dira modu anonimoan, eta “atsegin dut” botoiaren bidez marrazki gustukoenak aukeratu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Maiatzaren 8an, 12:00etan “atsegin dut” gehien dituzten marrazkiak izango dira saridunak: kategoria bakoitzeko 100 euroko bono bat banatuko dute. Aldi berean, Facebookeko botoa ematen duten erabiltzaile guztien artean 50 euroko bono bat zozkatuko dute. Erosketa bono hori, Herrixen elkarteko saltokietan erabili ahal izango da.

Herrixenek adierazi duenez, ez dira onartuko marrazki iraingarriak, sexistak, arrazistak edo antzerako ideiak sustatzen dituztenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide