Liburuak altxor dituzten irakurleak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 23a, 08:00

Milaka istorio eta mila historia jasotzen dituzte liburuek; horien atzean dago ehunka idazleren eta egileren lana. Egileen lana aitortzeko eguna da gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna baita. Ez lana aitortzeko soilik, baita herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko ere, horretarako markatu baitzuten gorriz egutegian apirilaren 23a.

Ondorengo hirukoteak ez du irakurzaletasuna sustatzeko nazioarteko egun honen beharrik, zinez irakurzaleak baitira lehendik ere. Karmen Irizar Segurola (Azkoitia, 1973), Lide Rekondo Jauregi (Azkoitia, 1990) eta Amaia Arakistain Arrieta (Azkoitia, 1993) irakurleei buruz ari gara. Orri zuriek jasotako hitzen irakusleak dira azkoitiarrak. Azkenaldian irakurritako liburuen hainbat gomendio egin dute hirurek, baita liburuak irakurtzeko bidea zein duten azaldu ere.

Hirukoteari amaitu berri duten liburua zein izan den azaltzeko eskatuta, Lorea Agirreren Trikua esnatu da saiakera hasi eta amaitu duela azaldu du Karmen Irizarrek. "Gustatu zait liburua, asko interesatzen zaizkidan bi gai uztartzen dituelako: euskara eta feminismoa", azaldu du. Irizar, ordea, ez dator bat liburuak planteatzen dituen ideia askorekin. Orain, berriz, Kike Amonarrizen Euskararen bidegurutzetik irakurtzen ari da. 

Lide Rekondok, aldiz, El Guardián entre el centeno liburua irakurri berri du. Aitortu du lehen ere irakurrita zuela, baina bere ikasleek irakurri behar izan dutenez, berak ere berriro irakurri behar izan du. "17 urteko gazte berezia da narratzailea. Ikastetxetik kaleratu berri dute eta noraezean dabil", eman du azalpena Rekondok. Haren ustez, liburuak "oso ondo" azaltzen ditu nerabeen errealitatea eta heldua bihurtzearen kezkak.

Amaia Arakistain irakurlea, bestalde, Bernardine Evaristoren Girl, Woman, Other eleberria ari da irakurtzen. Hark azaldu duenez, hainbat narratzaile ditu liburuak, "guztiak emakume britaniar beltzak, lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldikoak". Haien bizitza historiak kontatzen dituzte, eta generoa, arraza eta klasea bezalako gaiak uztartu. Arakistainen hitzetan liburu "berezia" da irakurtzen ari dena. "Ez du puntuazio markarik eta hasieran nahasgarria da, batzuetan ez baitago argi nor ari den nortaz hitz egiten", azaldu du. Halere, "interesgarria" iruditu zaio eleberriak "ahotsak nahasteko" duen modua.

Askok baliatu dituzte itxialdia ez bada Aste Santuko oporraldia nahieran gozateko, eta hirukoteak irakurtzen denbora asko egin duela aitortu du. Irakaslea da Irizar, eta esan du "gehiago" irakurri duela Aste Santuko oporrak izan dituen azken hamabost egunetan. "Beti bezala, nahi baino denbora gutxiago izan dut. Telelanak lana erraztuko zuelakoan nengoen, baina askoz ordu gehiago sartu behar izaten da. Irakaslea naiz, eta azalpena ikasle guztie batera ematen badiezu ere, gero galdera mezuak banaka etortzen dira, eta banaka erantzun behar diezu", adierazi du. Rekondo ere irakaslea da, baina bestelako erantzuna eman du. Telebistarekin "nazkatu samar" dagoela dio azkoitiarrak, eta denbora gehiago duenez, "gehiago" irakurri duela adierazi du. Arakistainek ere orduak pasa ditu liburuen artean. "Etxean egon behar dugu, eta inoiz baino denbora gehiago daukat orain horretarako. Irakurri nahi ditudan liburuen zerrenda bat daukat, eta beti dago zer irakurri", dio. 

Lehenago amaitutako liburuak ere badituzte, ordea, hiru emakumeek. Azkenaldian liburu mordoska irakurri du Irizarrek, hala nola Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Xamarren Etxera bidean, Yanis Varoufakisen The Global Minotaur, Vandana Shivaren Staying Alive, Women, Ecology and Development. "Badakit lehenago edo beranduago berriro irakurriko ditudala liburuok", adierazi du. 

Rekondok, berriz, honako hauek aipatu ditu: "La sombra del viento liburua ikaragarri gustatu zait, benetan gomendagarria da. Misterioa du, elkarrizketa mundialak, ironia fina, aipamen historikoak eta literarioak, banan-banako pertsonaiak eta sekulako tentsioa mantentzen du amaierara arte". Domingo Villar galiziarraren Ojos de agua ere aipatu eta gomendatu du. "Trilogiako lehen liburua da, beste bi atera zituen gero. Nobela beltz biribila da", dio irakurleak. Euskaraz, berriz, Jon Arretxeren Arrutiren banda liburua irakurtzeko gomendioa egin du. "Irakurterraza eta intrigaz betetako liburua da". Barre pixka bat egiteko liburuak ere aurkeztu ditu Rekondok, umorea garaiotan "beharrezkoa" dela adieraziz: Maldito Karma edo El abuelo que saltó por la ventana y se largó irakurtzeko aholkua egin du.

Arakistainek, liburu zerrenda bat egina duen arren, hortik aparte gelditu zaizkio dagoeneko ale batzuk, konfinamendu garaian amaitu baititu. Katixa Agirreren Amek ez dute eta Ivan Repila idazle bilbotarraren El Aliado irakurri ditu; "asko" gustatu zaizkio biak ala biak. Baita Amets Arzallusen Miñan ere. Orain, berriz, Silvia Federiciren Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria irakurri nahi du. "Bereziki gomendatu didate azken liburu hori", azaldu du Arakistainek. 

Irakurtzeko moduak

Liburuak kontsumitzeko modu asko eta asko dago egun, izan paperean edo bide elektronikoan. Irizarrek, esaterako, beti irakurri izan den eran jarraitzen du: erosi egiten ditu liburuak eskuetan izateko. "Beste ezertan baino gehiago gastatu ohi dut liburutan. Gainera, ez zait gastua denik iruditzen, inbertsioa baizik", aitortu du azkoitiarrak. Rekondok, aldiz, konfinamendu garaian Planeta argitaletxeak emandako aukera baliatzea erabaki du. Haren hitzetan, liburuak online deskargatzeko aukera jarri du argitaletxeak, eta irakurri gabe zituen guztiak jaitsi ditu; liburutegitik hartutako libururen bat edo beste ere badu, ordea, etxean. Halere, konfinamendu egun hauetan Kindlean ari da irakurtzen gehien bat. Arakisteinek ere eBook-a baduela dioen arren, aukeran paperean irakurtzea "nahiago" duela adierazi du. "Udal liburutegitik hartzen ditut liburuak, tarteka erosi ere bai edo inguruko norbaitek utzita edo oparituta, bestela", argitu du.

Liburuak zein hizkuntzatan irakurtzen dituzten galdetuta, berriz, hauxe Karmen Irizarren erantzuna: "Ahal dudan neurrian jatorrizko hizkuntza irakurtzen ditut liburuak. Azken hamar urteetan euskaraz eta ingelesez, batez ere", dio. Lide Rekondok, berriz, gazteleniaz idatzitako liburuak irakurri ditu batik bat, baina esan du "saiatzen" dela euskarazko eta ingelesezko liburuak tartekatzen. Arakistainek ere euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez idatzitako liburuak irakurtzen ditu. "Irlandan bizi izandakoa naiz, eta han ingelesez irakurtzeko ohitura hartu nuen", azaldu du. Aitortu du oraindik "tarteka" irakurtzen duela ingelesez, baina euskaraz edo gaztelaniaz irakurtzea "errazagoa" egiten zaiola.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide