Ekoizlea

Isabel Izagirre: "Egindako gaztak alferrik galtzerik ez nuke nahi"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 22a, 14:50
Isabel Izagirre Iturbe.

Isabel Izagirre (Asteasu, 1960) Kukuerri auzoko Erribera baserriko ekoizlea da. Joan den zapatuan hasi zuen etxez etxeko zerbitzua, eta gustura dago izan duen harrerarekin: dagoeneko bost bezero lortu ditu. Hiru bezerori etxez-etxe banatu dizkie elikagaiak eta beste bi, berriz, baserrira joan zaizkio produktuen bila.

Zein izan da etxez-etxeko zerbitzuan parte hartzeko arrazoi nagusia?

Erretiratuengana hurbiltzeko hasi naiz etxez-etxe banatzen produktuak. Izan ere, lehen haiek izaten ziren, batez ere, merkatura gehien joaten zirenak, eta konfinatuta gaudenetik, beldurragatik, gutxiago joaten dira berdura plazara. Eta haien faltan gazteak oso nekez mugitzen dira.

Aurrera begira ere zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa al duzu?

Erretiroa hartu arte behintzat, bai. Azkenean, egindakoa saltzea da helburu nagusia, lanean alferrik ez aritzeko. Egindako gaztak alferrik galtzerik ez nuke nahi. Eta aurrerantzean gazta gutxiago egin beharko dut, nahiz eta diru gutxiago jaso. Urtero salmenta gehien martxoan izaten dut. Gero udan jaitsi egiten da, gazta gutxiago saltzen dudalako, batez ere. Aurtengo martxoa, ordea, ez da batere ona izan niretzat.

Bideragarria al da banaketa?

Oraingoz, bai. Bi-hiru kilometro gehiago egiten ditut, baina jasotako eskaerak onak izan dira. Esaterako, azokan askok gazta laurdena eramaten dute, eta etxez-etxeko zerbitzuan batek bi gazta eta lau menbrillo eskatu dizkit. Hori azokan bezero bati saltzea asko kostako litzaidake. Zerbitzua emateko, aurrez bezeroekin telefonoz egiten dut hitzordua. Eta, horrez gain, ostiral eta larunbatetan berdura plazan egoten naiz.

Egoera hau dela-eta, kezkatuta ari al zara lanean?

Bai; beldur eta kezka askorekin ari naiz lanean. Babes maskara, eskularruak eta desinfektatzailea soinean eramaten ditut beti. Etxera joandakoan eskuak eta aurpegia garbitzeko gogo galanta izaten dut; beldurra barruraino sartzen da.

Zein produktu saltzen dituzu?

Ardi-esnea, gazta, arrautzak, lekaleak, garaiko fruta eta menbrilloa. Horietatik, ardi esnea, menbrilloa eta gazta dira jendeak gehien eskatzen dizkidanak. Ardi esnearekin arazoa dut orain, ordea. Astean 30 bat litro saldu ohi ditut, kristalezko botiletan. Botilak tabernetatik lortzen nituen, baina orain haiek itxita daudenez, botila faltan nabil.

Azokak ixteko aginduari buruz zer iritzi daukazu?

Oso gaizki iruditzen zait azokak ixtea, batez ere, aurretik abisatu gabe eman zutelako horretarako agindua. Bezeroei abisatzeko ere astirik ez genuen izan, eta gaurtik biharrera azokak itxita egongo zirela esan zuten. Agindu hori jaso arren, plazara jaitsi ginen batzuk. Udaltzaingoekin eztabaidan aritu ginen arren, jendea etorri egiten zitzaigun erostera, eta guk saltzen segi genuen. Horrela ibili beharra ere gogorra da gero.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide