Pintxo lehiaketa

Martxan da Maxixatzenek antolatutako pintxo lehiaketa

Maxixatzen.eus 2020ko api. 20a, 14:12

Itxialdia arintzeko asmoz antolatu du Maxixatzen herri komunikabideak pintxo lehiaketa. Parte hartzaileek asteazken gaua baino lehen bidali beharko dituzte pintxoen argazkiak. Irabazleak Maxixatzen aldizkariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren harpidetza irabaziko ditu.

Azken urteetan herrian eta inguruetan sendo errotu den ekimenetako bat da pintxo-poteoa. Konfinamenduarekin, asteroko hitzordua moldatu behar izan dute askok: Internet bidez egiten dute hitzordua batzuk; balkoira edo leihora irten eta etxepekoekin elkarbanatzen dute unea besteek. Itxialdia arintzeko asmoz, Maxixatzenek pintxo lehiaketa jarri du abian. Pintxoa egiteko nahi adina osagai erabili daiteke. Bestalde, eta epaimahaiak pintxoa dastatzeko aukerarik izango ez duenez, pintxoaren itxurak berebiziko garrantzia izango du.

Lehiaketan parte hartzeko, bidali mezua maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora edota 688 84 63 51 telefono zenbakira. Pintxo lehiaketan parte hartu nahi dela zehaztuz, parte hartzaileek honako datu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Parte hartzailearen izen-abizenak.
  • Telefono zenbakia.
  • NAN zenbakia.
  • Pintxoaren argazkia eta pintxoaren izena.

Datorren asteazkenean —apirilak 22— 22:00etan itxiko da lehiaketan parte hartzeko epea. Ostegunean —apirilak 23— 21:00etan jakinaraziko du Maxixatzenek pintxo lehiaketaren irabazlea nor den. Halaber, egun horretan parte hartzaile guztiek egindako pintxoen argazkiak ikusteko aukera egongo da. Lehiaketaren irabazleak Maxixatzen aldizkariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren urtebeteko harpidetza irabaziko ditu.

Datu Pertsonalen Babesa

Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Urolako Komunikazio Taldea, Koop. E. enpresaren tratamendu-sistemetan jasoko direla, zozketa hau kudeatzeko eta eskualdeko hedabide desberdinen eskaintzen berri emateko. Era berean, bidalitako argazkiak webgune eta kanal desberdinetan hedatuak izango dira. Sariduna gertatuz gero, zure identifikazio-datuak argitaratuak izango dira, baita saria modu egokian kudeatzeko beharrezkoak izan daitezken kolaboratzaile zuzenei komunikatuak ere. Zure datuak babesteko eskubideak noiznahi erabil ditzakezu. Horretarako, idatzi bat bidali beharko duzu Soreasu 1 - 20730 Azpeitia helbidera edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide