“Kezkatuta gaude, Pakistango familian zerbait gertatzen bada ezingo dugulako bertara joan"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 15a, 17:08

COVID-19ari aurre egiteko Pakistanen ere neurri zorrotzak hartu ditu hango gobernuak, eta horiek han bizi direnei ez ezik, Azkoitian bizi diren pakistandarrei ere zuzenean eragingo dietela aitortu du Shahzaib Rafaqat azkoitiarrak.

Bideo-deiak familiarekin eta lagunekin komunikatzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira konfinamendua hasi zenetik. Ingurukoekin harremantzeko modu hori askorentzat orain arte ezezaguna izan bada ere, herrian bizi diren jatorri desberdinetako herritarrek etxean gelditzeko agindua ezarri baino lehen ere erabiltzen zuten urrun bizi den familiarekin hitz egiteko. Azken asteetan, ordea, senitartekoekin maizago hitz egiten dutela aitortu dute, koronabirusaren krisiarekin kezkatuta daudelako. Kezka alde bikoa da, gainera. 

COVID-19ari aurre egiteko Pakistanen ere neurri zorrotzak hartu ditu hango gobernuak, eta horiek han bizi direnei ez ezik, Azkoitian bizi diren pakistandarrei ere zuzenean eragingo dietela aitortu du Shahzaib Rafaqat azkoitiarrak. “Oinarrizko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten langileak bakarrik ari dira lanean Pakistanen. Herrialde osoan ez du berdin eragin koronabirusak, eta gaitzak gehien kolpatu dituen herri eta hiriak militarrek hartu dituzte. Horietan ezin da etxetik atera, ezta erosketak egitera ere, eta udalak ari dira herritarren artean janaria eta beharrezko produktuak doan banatzen. Horrez gain, gobernuak oinarrizko soldata bat ere emango die egoera larrian dauden herritarrei COVID-19aren krisiak irauten duen bitartean”, azaldu du azkoitiarrak.

Euskal Herriko eta Pakistango egoera alderatuz gero, desberdintasun nabarmena antzematen du Rafaqatek. “Espainian aste gutxitan ikaragarri igo zen kutsatu kopurua, baina Pakistanen gaitzaren zabalkundea ez da bat-batekoa izan, horrek COVID-19a kontrolpean izateko aukera eskaini dio gobernuari”. Hala, herrialdeko mugak ixtea erabaki du gobernuak, eta horrek eragin zuzena izango du Euskal Herrian bizi diren pakistandarren artean. “Kezkatuta gaude, Pakistango familian zerbait gertatzen bada ezingo dugulako bertara joan". Hegaldi asko bertan behera geratu dira. Bada hegaldi bat Bartzelonatik ateratzen dena, baina atzerritik herrialdera iristen diren herritarrek hotel batean berrogeialdia pasatu behar dute”. Horrez gain, Euskal Herrian bizi diren pakistandarren artean heriotzaren bat gertatuz gero, beren herrialdean lur ematerik ez luketela izango ere azaldu du Rafaqatek, eta horrek kezka sortu du hemengo pakistandar komunitatean. “Ez dakigu noiz bueltatuko garen normaltasunera. Gu urtero joaten gara Pakistanera, eta gaur egungo egoeran ezinezkoa da, beraz, ez dakigu familia noiz ikusi ahal izango dugun berriz”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide