Aktorea

Jose Cruz Gurrutxaga: "Sorkuntzan aritzeko beharra izan dut beti, adierazteko beharra"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 15a, 09:15
Jose Cruz Gurrutxaga. (Argazkiak: J.C. Gurrutxaga eta Joseba Beristain)

Hamaika pertsonaia irtenpretatu ditu telebistan, zineman, antzerkian nahiz bikoizle lanetan. Aktorea da, baina txikitatik musika ere inguruan izan du. Itzaletik musika taldea ere sortu zuenbeste bi lagunekin. Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

COVID-19 gaitzaren denborale gogorraren lehen olatuak zipristindutako aurreneko egunetan elkarrizketatu zuen Maxixatzenek Jose Cruz Gurrutxaga (Azkoitia, 1973), telefonoz. Hurrengo egunean, eskola guztiak itxi zituzten, kultur aretoak, ostalaritzako establezimenduak... Espainiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen, eta etxean konfinatu beharra izan zuten herritarrek. Azkoitiarra Izarran (Araba) bizi da gaur egun: “Murgiatik gertu”, dio.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Azkoitiko beste ume batena bezalakoa izango zela pentsatzen dut. Aurrena, mesedetakoen eskolan ibili nintzen; han jaso beharrekoak jaso nituen, eta ez bereziki gaiztoa nintzelako. Eskandalorik muntatu eta gerra handirik eman gabe isilik pasatzen zen horietakoa nintzen, ikusmiran denari begira gelditzen zen horietakoa. Gauza guztiekin fijatzen zen haurra nintzen. Mesedetakoetan gauza itsusi asko ikusi nituen, eta haiek bere garaian eragin egin zidaten. Orain ere gogoratzen ditut, eta zerbaitegatik izango da. Mesedetakoak joan zirenean, Floreagan hasi nintzen eskolan, salestarrekin. 12 urterekin, berriz, salestarren barnetegira joan nintzen, Logroñora.

Orduan, salestarrekin jarraitu zenuen ikasten.

Hiru ikasturte egin nituen Logroñon; garai hartako, OHO 6, 7 eta 8 mailak. Handik Urnietako salestarretara joan nintzen, lehenengo eta bigarrengo Batxilergo mailak egitera. Salestarretan jarraitu nuen, baina inoiz ez nuen garbi eduki ziklo guztiak haiekin egingo nituenik. Barnetegira joan nintzen ikastera, baina kontua zen aurreko urtean udalekuetan egon ginela han eta oso ondo pasatu genuela. Handik txundituta etorri nintzenez, gero bertan ikasten jarraitzera animatu nintzen. Batxilergoko bigarren mailan, ordea, zikloa bukatzeko tankera handirik ez nuela nabaritu zidaten, eta bigarren maila bukatutakoan, handik alde egitera gonbidatu ninduten. Hala, Batxilergoko hirugarren maila eta UBI Azpeitiko Iraurgi ikastetxean egin nituen.

Batxilergoa bukatutakoan, Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan ikasi zenuen.

Batxilergoa bukatu eta gero zer ikasi behar nuen galdetzen nion nire buruari. Aukeratzeko garaian zintzoa izan nintzen nire buruarekin: “Benetan zer egiten pasatzen dut ondo nik? Zer gustatzen zait?”, galdetu nuen neure baitan. Orduan, aisialdiko begirale nenbilen Floreagako Alai Batzan. Han, beti ere, musika tresnak jotzen ez bazen, aurkezpentxoak egiten edo antzerkiarekin lotutako gauzetan ibiltzen nintzen. Eroso eta gustura sentitzen nintzen kontuak ziren horiek. Horrekin lotuta ezagutzen nituen unibertsitateko ikasketak kazetaritza-eta ziren... Nik ez nekien Madrilen bazeudela aktore izaten ikasteko formazioak. Bigarren aukera zen Andoaingoa, eta horregatik hasi nintzen Zinema eta Bideo Eskolan, nolabait nik gustukoa nuenarekin zerikusia zeukalako. Egia da, ordea, ikasketa horiek batik bat kamera atzeko lanarekin lotutakoak direla. Dena den, norbaitek kamera aurrean jarri behar zuenean, ni beti prest. Flamingo Berria telesailean hastean, aktore formakuntzarik ez nuen. Horregatik, ikastaroak eta formazio saioak egiten hasi nintzen; besteak beste, antzerkigintzarekin lotutako graduondokoa egin nuen. Goizetan telesaila grabatzen izaten nintzen, eta arratsaldeetan, ikasten.

Loiolako Herri Irratian ere lan egindakoa zara, ezta?

Egin ditudan gehienak interpretazioari lotutakoak izan dira, baina laneko lehen kontratua Loiolako Herri Irratian egin zidaten. Udan, beti behar izaten zuten norbait soinu teknikari lanetarako, eta han aritu nintzen ni ikasten. Bizpahiru urtez, abuztuan, irratian jardun nuen lanean. Ni, baina, jendaurreko lanaren zalea izan naiz, eta irratian euskal musikaren inguruko saio bat hasteko proposamena egin nuen, baita egin ere. Gero, eguerdietan Donostiako Herri Irratian beste saio bat egitea proposatu zidaten. Hain zuzen, La movida deportiva saioa bukatzen zenetik arratsaldeko magazinera arteko tartean, ordu eta erditik gorako musikaren inguruko saio bat egiten nuen. Urte eta erdian jardun nuen irratsaio hartan lanean.

Aktore gisa ibilbide luzea daukazu. Azkenaldian, zer duzu esku artean?

Gauzatxoekin ibili naiz azken boladan; lan horiek guztiak agertoki gainekoak dira. Alde batetik, Txalo produkzioaken Ene ba! obrarekin nabil. Eta, bestetik, nireak diren gauzak ditut esku artean: stand up comedy estiloko bakarrizketa bat daukat prestatuta. Hau da, mikrofono aurrean jarri eta bakarrizketan istorioak kontatzen ditut. Umorea da lan horren izenburua. Horiez gainera, Declaracion de Guillermo izena duen obra ere martxan daukat, Bernardo Atxagaren testu batekin egindako lana; Azkoitian eskaini nuen obra hori, adibidez. Gero, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren barruko kultur ekitaldien barruan, elkarrekin zerbait egitea proposatu zidan Atxagak. Azkenean, dramatizatu bat egin genuen, Euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan lana. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren bueltan horrekin ibili ginen iaz. Mendeurrena bukatu zen, eta Euskaltzaindiaren eskutik joatea hor gelditu zen. Hala ere, nonbaitetik deitu ziguten lan horrekin jarraitzen ote genuen galdezka, orain hitz egin behar dugu horri segida emateaz edo ez emateaz.

Bikoizle gisa ere lanean aritzen zara. Orain, ordea, greban zaude.

Egoera tristea dago bikoizketa lanetan, eta saltsa ederra daukagu. Izan ere, greban gaude bikoizle batzuk, eta beste batzuk ez, eta horrek guztiak kakanahasteak sortzen ditu. Ni geldirik nago, greban nagoelako, baina argi dut: auzi hau ez litzateke horrenbeste luzatuko denok planto egingo bagenu. Hala balitz, astebetean konponduta izango genukeen arazoa. Ez da horrela, ordea, eta... Bikoizketa oso gustukoa dut, urte askoan ibili naiz bikoizle lanetan. Esaterako, Leonardo DiCaprio nik bikoiztu dut euskaraz. Doraemon bikoizten zuenak erretiroa hartu zuen, eta ni hasi nintzen Doraemoni ahotsa jartzen. Greba, ordea, orain dela urte eta erdi hasi genuen, eta ordutik beste bat ari da Doraemon bikoizten. Ea nola konpontzen den hau guztia!

Antzerkian kasualitatez hasi omen zinen.

Bereziki bila joandako gauza bat ez zen izan. Txiki-txikitatik, baina, inguruan izan dut: agertokietan, mikrofonoaren aurrean, musikan... nahaste horretan guztian beti ibili izan naiz gustura. 1990. edo 1991. urtean, Euskal Telebistak iragarki bat atera zuen prentsan, euskaraz zekiten aktoreak eta aurkezleak behar zituela adieraziz. Curriculuma bidaltzeko ere eskatzen zuten, baina nik orduan ez neukan esperientziarik, ez neukan ezer asko bidaltzeko. Hala ere, barnetegian egon nintzen garaiko antzerkietako pare bat argazki bidali nituen. Ondoren, Miramonera joan nintzen deialdi hartarako probak egitera. Castingean, eguraldi aurkezlearena-eta egin behar izan nuen. Proba egin eta han gelditu zen kontua.

Handik gutxira, ordea, telesail batean aritzeko deia jaso zenuen.

Hala da, Bilbon telesail bat egin behar zuten, eta hango pertsonaia batena egiteko proba egitera deitu ninduten. K2000 ekoiztetxean egin nuen proba, Ramon Barea zuzendari zela. Flamingo Berria telesailerako zen proba, eta han hasi nintzen aktore ibilbidea urratzen. Aurrena bi kapitulu egin behar nituen, baina 26 bat egin nituen azkenerako; nire lana gustatu egin zitzaien nonbait. Hala hasi nintzen interpretazioaren munduan, eta lan haren atzetik etorri ziren gero besteak.

Flamingo Berria eta gero hasi al zinen Goenkale telesailean?

Ez, tartean beste proiektu bat egon zen, baina ez zuen aurrera egin. Ondoren, A ze parea telesailean aritu nintzen, Joseba Apaolazarekin, Patxo Telleriarekin, Teresa Calorekin... Aktore gisa hura izan nuen bigarren lana. Pausoka ekoiztetxean ezagutzen ninduten, eta haiek deituta hasi nintzen Goenkalen.

Zenbat urte egin zenituen Goenkalen?

Oker ez banago, telesailaren lehen kapituluan hasi nintzen, eta Goenkaleren aurreneko bost urteetan segitu nuen. Ertzainak telesaila egitea ere proposatu zidaten, garai hartan. Ekoiztetxeei goizean telesail batean aritzeko eta arratsaldean bestea egiteko aukera aipatu nien; esan nien lana eta ahalegina nireak izango zirela, baina nik konpromisoa hartzen nuela biak egiteko. Goenkale egiten zuen ekoiztetxeak hori ezinezkoa zela esan zidan. Beraz, bataren eta bestearen artean erabaki beharra izan nuen: Goenkalen bost urte pasatu nituen dagoeneko, eta aldaketa ondo etorriko zitzaidala sentitzen nuen. Ondorioz, Goenkale utzi eta Ertzainak proiektura batu nintzen.

Ordutik aurrera, hamaika lan egin duzu.

Tartean-tartean atera zaizkidan lanak egiten aritu naiz, gure lana horrelakoa baita: orain lana daukat, eta bihar ez. Bolada hartan, Madrilen ere lan batzuk egin nituen, baina jarraipen handirik gabekoak. Gero, antzerkian ere hasi nintzen poliki-poliki, eta azkenaldian, batik bat agertoki gaineko lanetan nabil.

Zein da interpretazioaren alde politena?

Politena da beste pertsonaia batzuk interpretatzea. Jolas bat da. Horretara ateratzen gara, ahalik eta hobekien jolastera, interpretatzera. Hori da zoragarriena: zu ez zaren pertsona horien larruan sartu eta jolas egitea. Norbera ez den moduko pertsonaiak interpretatzea polita da, egoera jakinetan nola moldatuko zinatekeen erakusten duelako.

Jolas horrek atzetik ikasketa prozesu bat dauka, ordea.

Bai, noski. Batetik, testua-eta ikasi beharra dago. Bestetik, zeure burua egoeran ikusi eta probatu behar duzu. Gainera, zuzendariak kanpotik esaten duena ere hor dago, hau da, zer-nola ikusten den zuk adierazten duzun hori. Azken batean, norberak bere mundu horretan, emozioetan, bilatu behar du pertsonaiak eskatzen duena, eta bide batez, baita zuzendariak ikus-entzuleari transmititzea nahi duen hori ere. Hori nola egiten den? Bakoitzak bere estiloa dauka, bere modua eta jakinduria. Une horretan pertsonaiak transmititu behar duen emozio hori jendearengana iristea lortu behar da. Horri lotuta, beti ari gara geure buruarekin bilatzen eta esperimentatzen.

Zer eman dizu aktore lanak?

Gauza asko eman dizkit: naizena eman dit. Horrez gain, bidean ezagutu dudan jendea eman dit; esaterako, bikotekidea. Aktorea da bera ere, eta lanean ezagutu nuen. Gure lana nahiko ezegonkorra da, eta horrek munduarekiko beste jarrera bat ere eman dit; bizitzaren ikuskera beste era batean plantearazten du lanbide honek. Artearen inguruan ibiltzeak ere zerbait desberdina ematen digu. Gainera, norberaren barruan arakatu behar izaten da askotan, eta norberaren sentimenduekin dantzan ibiltzeko aukera eskaintzen du, onerako eta txarrerako.

Eta, zer kendu?

Eman ez didan beste guztia. Azkoitiko tipo normal baten bizitza kendu dit, baina ez dut hori zentzu txarrean esaten. Normalean, asteburuetan lanera joaten naiz, eta astegunetan, berriz, entseatu beharrik-edo ez badut, etxean egoteko denbora gehiago izaten dut. Jende gehienaren kontrako eran ibiltzen naiz. Hori kendu egin dit? Bai! Baina ez dut txartzat hartzen.

Aktore izateaz gainera, musikazalea ere bazara.

Esaterako, aurrez aipatu duzu, musikari buruzko irratsaioa egin zenuela Herri Irratian.Beti izan naiz musikazalea, eta ibili naiz saltsan. Musikarekin beti izan dut harremana. Mezatan hasi nintzen musikara zaletzen, salestarrekin. Gero, Logroñon barnetegian egon nintzenean, kantatu behar zen bakoitzean animatzen nintzen. Gure etxean musika beti entzun izan da. Amaia Epelde piano-jotzailea nire lehengusua da; ni haurra nintzenean, Azkoitiko parrokiako organoa jotzen zuen hark. Mezatara joandakoan harengana igotzen nintzen. Amaiak bajoak nik jotzeko esaten zidan une batzutan, eta bestetan, partituraren orrialdeak pasatzen nizkion; horrek esan nahi du partitura irakurtzen banekiela ordurako. Pianoa ikasten ere aritu nintzen, eta barnetegian nire kabuz jarduten nuen gitarra ikasten nahiz pianoa eta txistua jotzen. Eskura nituen instrumentuak jotzen nituen. Alai Batzan begirale ibili nintzenean ere, kontzertuak eskaintzen genituen, eta bateria ere jotzen nuen.

Itzaletik musika taldea ere sortu zenuen beste bi lagunekin.

Beti sorkuntzan aritu beharra izan dut, adierazi beharra. Baneuzkan kantu batzuk sortuta, eta Joseba Beristainekin eta Jon Larrañagarekin batera musika taldetxo bat sortu nuen: Itzaletik. Kantautore tankeran ibiltzen ginen. Lagun baten etxean halako maketatxo bat grabatu eta Kultur Errota egitasmora aurkeztu genuen. Aukeratu egin gintuzten, eta hainbat kontzertu eskaintzeko aukera izan genuen; musika talde amateur bezala jotzen genuen talde profesionalekin. Esaterako, Mixel Ducaurekin eta Caroline Phillipsekin eskaini genituen kontzertuak behin baino gehiagotan. Ondoren, beste musikari batzuk batu ziren gure taldera: Ritxi Salaberria Sorotan Bele taldeko baxua eta Borja Izagirre saxofoi-jotzailea. Bostok batera nahiko kontzertu txukunak egin genituen. Batekin, Bilboko Kafe Antzokian eskaini genuenarekin, gogoraratzen naiz bereziki. Gazteak ginen, eta abentura polita izan zen. Gero, bakoitza bere aldetik joan zen ikastera, lanera... eta bertan behera gelditu zen taldea. Jarraitu izan bagenu, polita izango zatekeen istorioa!

Bizikletan ibiltzea ere gustukoa duzu. Ezta hala?

Bai, gustatzen zait. Garai batean, beste kirol batzuk egiten nituen, aretoko futbola eta. Baina kirol bat aukeratzekotan, bizikleta gustatzen zait. Garai batean, bizikleta hartu eta Dolomitetara joan nintzen kuadrillako batekin. Eta orain, kuadrillako horrekin haren lankideekin Tourrera joaten naiz. Bizikleta hartu eta mendateak egiten ibiltzen gara, eta bide batez, Tourreko etapa bat edo beste ikusten dugu. Poz-pozik eta gustura ibiltzen gara laurok, tirri-tarra! Ilusioa, ilusioa da.

Gaur egun Azkoitiarekin zer harreman daukazu?

Azkoitian daukat familia, eta noizean behin joaten gara bertara. Dena den, nahi baino gutxiagotan. Kuadrillakoak ere Azkoitian dauzkat, eta beti aritzen gara noiz egingo dugun zerbait esaten. Esan beharra daukat, kuadrillakoak ni joaten naizenean elkartzen direla, bestela ez direla inoiz elkartzen. Orain, gustura entzuten dudan gauzetako bat da Zakel saltuk irratsaioa [Kontrako Eztarrixe irrati librean egiten dute]. Kuadrillako batek eman zidan egitasmoaren berri, eta entzuten hasi nintzen. Mundu bat ireki zait podcasten kontuarekin, eta asko entretenitzen naiz saio hori entzuten. Historia oso gustukoa dut, eta Azkoitiko historiako kontuak entzutea asko gustatzen zait.

Aurretik azaldutako horrez guztiaz gainera, aita ere bazara.

Bai, hori ere nahiko lanbide da. Bi seme-alaba dauzkat: 7 eta 9 urtekoak, eta oraindik ere haien gainean egon behar.

Egin zaitez Maxixatzeneko bazkide!

Maxixatzeneko bazkide egin zaitezke urtean 25 euro ordainduta. Horrekin, herriko euskarazko proiektua hauspotuko duzu. Eguneko informazioa izango duzu sarean eskuragarri, eta Maxixatzen aldizkaria jasoko duzu hilero. Era berean, Maxixatzenen zozketetan parte hartzeko aukera ere izango duzu. Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide