Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko hondakin guneak sortuko duen "arazo handiena" hautsa izango dela azpimarratu du GuraSOS elkarteak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 11a, 11:01

GuraSOS elkarteak uste du Azkarateko hondakin plantari dagokionez "gaia desbideratzen" ari direla Azkoitian, eta "hautsak sortuko dituen kalteak" azpimarratu ditu.

GuraSOS elkarteak Azkarateko hondakin plantari buruzko iritzia ematen jarraitzen du, eta azaldu du Azkoitian "gaia desbideratzen" ari direla. Elkarteak azpimarratu du ingurumenarekiko sortuko den "arazo handiena" hautsa izango dela. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Azkarateko hondakin guneari buruz argitaratutako txostenaren "punturik ahulena" hautsaren gaia dela adierazi du elkarteak.

"Proiektuaren eskatzaileek hasiera batean ez zioten batere garrantzirik eman hautsaren gaiari, eta Ingurumen sailak eskatu zieten txostena hobetzeko. Hautsa gutxitzeko hainbat neurri hartuko direla esaten duten arren, aurretik garbi utzi dute hori ez dela proiektu honen bultzatzaileen hasierako nahia", azaldu du GuraSOS elkarteak. Era berean, gaineratu Azkarateko gunean ez dela "jarraipen eta kontrol neurri egokirik" egingo. "Ez da aurreikusten PM 2,5 elementuaren partikulak neurtuko dituztenik", azpimarratu dute. Horiek eraikuntza materiala birrintzean sortzen diren elementuak dira, eta Azkaraten horiek baino materia partikular txikiagoen neurketarik ez dela egingo jakinarazi du GuraSOSek.

Elkarteak materia partikular horrek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta azaldu du partikula horien presentziak "zuzeneko lotura" duela COVID-19 gaixotasunak eragindako hilkortasunarekin. "Hardvard Unibertsitateak kaleratutako ikerketa baten arabera, koronabirusagatik hiltzeko arriskua handiagoa da PM 2,5 elementu partikula fin horien maila altua den lurraldeetan", azaldu dute GuraSOS elkarteko kideek. Gainera, azaldu dute PM 2,5 elementu partikularen igoera txiki bat "nahikoa" dela COVID-19 gaixotasunaren heriotza-tasa %15 igotzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide