Parrokiako sakristaua

Luis Mari Paredero: "Lehengo pentsaerara itzuli da Eliza"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 10a, 08:30
Luis Mari Paredero.

Luis Mari Paredero Alkorta (Azkoitia, 1954) Azkoitiko parrokiako sakristaua da. Elizako bere lanari eta Aste Santuari buruz hitz egin du Maxixatzenek apirileko aldizkarian.

Noiztik zara Azkoitiko parrokiako sakristaua?

Duela hamalau urte, langabezian gelditu nintzen. Joxe Mari Astigarraga zen orduko Azkoitiko erretorea, eta hark esan zidan parrokian lagun nezakeela, jende asko ezagutzen nuela eta. Pixkanaka sartu nintzen elizan eta gustura nago orain. 9 edo 10 urte nituela ere akolitoa izan nintzen, igandeetan etortzen nintzen laguntzera. Betidanik gustatu izan zait, tira egiten dit lan honek. Joxe Mari Astigarragak ireki zidan lehen atea, eta egun, Felix Azurmendi apaizarekin, beteago sentitzen naiz.

Zein dira zure eginkizunak?

Apaizaren arropak eta liburuak prestatzen ditut. Informatika garaian sartuta gaudenez, orain dia-positibak ordenagailuan prestatzen ditut, igandeko mezatarako eta hileta elizkizunetarako. Nahikoa lan sortzen da. Madariagako ermita irekita zegoen garaian, meza izaten zen hileko azken igandeetan. Martitten eta Urrategin, berriz, hitzen liturgia egiten zen. Inoiz apaiza falta izan denean, hitzen liturgiak egin izan ditut, San Jose egoitzan eta parrokian.

Nola ikusten duzu elizaren egungo egoera?

Elizbarrutiko egoerarekin ez naiz sartuko, denok ezagutzen dugu eta. Beti esan dut, eta esaten jarrai-tuko dut, gure jainkoak badituela hainbat bide. Ez nau egoerak estutzen. Kantzelean elkartzen dira hainbat guraso beren seme-alabei katekesia eskaintzeko, astean behin. 35-40 urteko gurasoak arduratuta ikusten ditut. Elizan egun dabiltzan pertsonak lehen elizatik bereizita ikusten nituen; horiek pasatu dute esperientziaren bat elizaren bueltara gerturatzeko. Gero eta jende gutxiago dagoela? Akaso bai, baino lehen baino jatorragoak. Askoz ere jatorragoak izango dira kristauak biharko egunean.

Aste Santua ezingo da ospatu ohi bezala. Zer sentitzen duzu horren aurrean?

Pena handia sentitzen dut. Koronabirusak sortu duen egoeragatik, Aste Santu gogorra etorri zaigu, bereziki Ostegun Santu eta Ostiral Santu egunetarako. Hau ez da hemen amaitzen, ordea. Nekaldi horren ondoren, guri ere etorriko zaigu piztuera; hor dugu jarrita biharko egunerako itxaropena. Gaindituko dugu guk ere.

Gainontzean, Aste Santua berezia al da zuretzat?

Kristau bezala, asko betetzen nauten egunak dira. Erramu Eguna, Ostegun Santua, Ostiral Santua... Baina, Larunbat Santua indartzea da gure asmoa, Larunbat Santua piztueraren eguna baita kristauontzat. Ostiral Santuko gaueko prozesioan jende askok parte hartu izan du: zaharrak, helduak, gurasoak, gazteak... Heriotzan ez da amaitzen gurea, piztuera bat ere badago, eta kristau batentzat hori da oinarria: hil bai, baina hil eta piztu. Larunbateko piztuerak gure piztuera esan nahi du. Bada elizako otoitz bat: zure semearekin heriotzean bat eginik izan garenok, piztueran ere berarekin bat izan gaitezen. Nire barruan otoitz hori egin izan dut prozesio egunean.

Bi prozesio egin izan dira Azkoitian, arratsaldekoa eta gauekoa. Zein nahiago?

Biak oso bereziak dira, baina gauekoarekin gelditzen naiz. Aurretik lan asko egiten dute guztia prestatzen. Antolakuntza taldetxoak daude, eta nabarmentzekoa da haiek egin izan duten lana. Errespetagarria da, baina arratsaldeko prozesioan jendea pausoei begira egoten da; pausoen atzetik jende gutxi sartzen da; jendeak gehiago parte hartzea nahiko nuke. Gaueko prozesioa, berriz, errespetu handikoa izan ohi da, oso hunkigarria. Kanpoko herrietatik jende asko etorri izan da, eta oso hunkituta eta harrituta agertu izan dira prozesioko isiltasunarekin, musikarekin eta armatuen makil hotsekin.

Beste zenbat urtean ikusten zara sakristau postuan?

Osasunak laguntzen didan bitartean, eta zerbait ez bada gertatzen, hemen jarraituko dut. Oso gustura eta pozik nago sakristau postuan. Gero-gerokoak.

Nola ikusten duzu elizaren etorkizuna?

Frantzisko Aita Santuak arnasberritu egin du eliza, eta sekulako babesa izan da guretzat. Egungo Aita Santua eta Juan Jose Omella Espainiako gotzain-batzarreko burua ezagututa, lehengo pentsaerara itzuli da Eliza. Hori bai, denbora beharko du aldaketa gauzatzeko. Agian ez dugu guk ezagutuko, baina egoera hobetuko da. Baikorra naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide