Armatua

Jose Ramon Badiola: "Berezia da prozesio garaian kalean egoten den isiltasuna"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 10a, 11:17
Jose Ramon Badiola.

Jose Ramon Badiola (Azkoitia, 1966) Azkoitiko prozesioetako armatuen kapitaina edo burua da. Aurten aterako ez direlako pena azaldu du Badiolak, baina 2006. urtetik hartutako esperientziak prozesioa barrutik nola bizi duen azaltzeko balio izan dio.

Nolatan hasi zinen armatu?

Aurreko armatu kapitainak utzi zuenean, armatua zen lagun batek eta Joxe Agirre Krispin abesbatzako kideak irteteko esan zidaten. Armatu irtetea horren zaila ere ez zela iritzi nion, baina armatuen kapitainak aurpegia bistan eraman ohi duenez, izan nituen zalantza batzuk. Irtetea merezi zuela pentsatuta hasi nintzen armatuen kapitain lanetan.

Beste armatuen aldean, zer du desberdina armatu buruak?

Armatuen artean nik bakarrik eramaten dut aupegia agerian; beste lau armatuek aurpegia kaskoarekin estalita eraman ohi dute. Hasierako urteetan armatuen kapitainak jantzia ere desberdina zuen, izan ere erromatar jantziarekin kapitaina bakarrik irteten zen. Ez dakit ziur zein urtetatik aurrera, baina armatuen arropa aldatu egin zuten, eta orain armatu guztiok jantzi berdina dugu. Nik, oraindik, aurpegia agerian eraman ohi dut. 

Aurretik, beste lanik egin al duzu prozesioan?

Bai. Armatu hasi baino hamar bat urte lehenago hasi nintzen santuen pausoak eramaten.

Aurten desberdina izango da. Pena eman al dizu prozesioa bertan behera utzi beharrak?

Bai, pena hartu dut. Jende asko zain egoten da prozesioak ikusteko, baina aurten atseden hartu beharko dugu ezinbestean. Ostiral Santu gaueko prozesioa oso hunkigarria izan ohi da musika bandaren doinuekin eta jendea, berriz, kandelekin joaten da. Azken unean herritarrak abesten hasten diren unea ere berezia da.

Zein da zuretzako Ostiral Santuko prozesioaren une bereziena?

Berezia da prozesio garaian kalean egoten den isiltasuna, bereziki eliz ataritik abiatu eta Kale Nagusian barrena musika bandak lagunduta joaten garenean. Armatuok eramaten ditugun lantzen danbatekoek ere beste ukitu bat ematen diote gaueko prozesioari.

Gaur ordu horretan akordatuko zarela pentsatzen al duzu?

Noski, oroituko naiz. Alde batetik, ardura ere bada, ordea. Jende asko egoten da armatuen zain. Lantzen kolpea armatu guztiok batera ematen dugun edo ez eta musika bandaren doinuekin koordinatuta jotzen dugun edo ez zaintzen du jendeak.

Armatuen lana ez da prozesioetako bidea egitea bakarrik.

Egun betea izaten da, bai. Ostiral Santu egunean 10:00etarako joaten gara parrokiara eta egun guztia pasatzen dugu han. Jantziak prestatutakoan, 11:00ak aldera gurutzebidea egiten dugu ordubete batean, parrokiaren atzealdetik hasi eta aurreraino. Hori bukatu eta segituan, 13:00etara arte parrokiako aldare aurrean paseoan ibiltzen gara armatuak. Etxera joan, bazkaldu eta 17:00etako elizkizunerako itzultzen gara parrokiara. Gero, berriz, arratsaldeko prozesioa hasten da. 19:00etan, prozesiotik parrokiara itzultzen garenean, gorpua zaintzen egoten gara. Gaueko prozesioarekin amaitzen ditugu eguneko lanak.

Aurten ez, baina datorren urtean armatu irteteko asmorik ba al duzu?

Inongo arazorik ez bada, bai. Bost armatu gara eta urtean zehar pare bat aldiz elkartzen gara elkartean afaria egiteko. Gure eginbeharrei buruz hitz egiteko, eguna prestatzeko eta kontu berriak ezagutzeko elkartu ohi gara. Apirilaren 4an ginen egitekoa afari horietako bat, baina bertan behera utzi behar izan genuen konfinamenduaren ondorioz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide