#EtxetikMundura

Maite Alberdiren musika, etxetik mundura

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 30a, 20:00

#EtxetikMundura egitasmoaren barruko hamabigarren saioa. Alberdik pianoaz lagunduta bi abesti eskaini dizkie ikusleei, Hallelujah eta Someone you loved, bata euskaraz eta bestea ingelesez.

Gaurkoan Maite Alberdi abeslari azkoitiarrak eskaini du #EtxetikMundura egitasmoaren barruko emanaldia Maxixatzen.eus-en. Hamabigarren saioa izan da gaurkoa, eta Alberdik Hallelujah eta Someone you loved abestiak eskaini ditu, pianoz lagunduta. Belen Uria musika eta piano irakasleak egiten duen lana eskertu nahi izan du bide batez Alberdik. "Ezkutuan lan asko egiten du-eta musika irakasten", azaldu du gaurko protagonistak.

Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izan dira gaur. Uztarria.eus-en Paola Motok etxean ikus daitezkeen hainbat film gomendatuko ditu, Zarauzkohitza.eus-en Arantxa Aldalur idazleak eskainiko du saioa, Karkara.eus-en Saioa eta Joseba Perona anai-arreba musikariek, eta Baleike.eus-en David Gorritik.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela bi astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide