Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina, abian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 30a, 13:30
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren kartela. (UEMA)

Uemak, udalek eta beste hainbat erakunde publikok errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan beste urte batez. Ogasunarekin euskaraz izango da aurtengo kanpainaren leloa, eta datozen asteotan abiaraziko du aldundiak kanpaina.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan beste urte batez Uemak, udalek eta beste hainbat erakunde publikok. Alarma egoera dela-eta, aurrez aurreko hitzorduak bertan behera gelditu dira, baina administrazioarekin hartu-emana euskaraz izan dadin lanean jarraitzen dute erakundeek, eta datozen asteotan jarriko du aldundiak abian aurtengo kanpaina.

Uemak adierazi duenez, urtez urte handitzen doa errenta euskaraz egiten duten euskal herritarren kopurua, baina kopuru hori oraindik "errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik" urrun dagoela nabarmendu dute. Bestalde, adierazi dute euskararen normalizaziorako bidean "beste urrats bat" dela errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea, eta horretarako beharrezkoa dela herritarren babesa eta parte-hartzea.

Ogasunarekin euskaraz

Lurralde bakoitzeko foru ogasunak tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpainaren mezua. Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, lau urterako 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz egitasmoa jarriko du martxan aurteneta Ogasunarekin euskaraz izango da kanpainaren leloa.

Bestalde, iazko errenta aitorpenaren datuak ere plazaratu ditu UEMAk. Azkoitian, guztira, 5.913 pertsonak egin zuten aitorpena, eta horietatik 1.804k egin zuten euskaraz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide