Maite Alberdi abeslaria izango da gaur Etxetik Mundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 30a, 14:04
Maite Alberdi abeslaria.

Hallelujah eta Someone you loved abestiak eskainiko ditu, 20:00etan hasita, Maxixatzen.eus-en.

Maite Alberdi abeslari azkoitiarra izango da gaur #EtxetikMundura egitasmoaren protagonista. Sortzaileak eta herritarrak beren etxetik guztiontzat eta mundura egiten ari diren ekarpenekin egitasmoa osatzen ari da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) koronabirusak eragindako konfinamendu egunotan. Hamabigarren saioa izango da gaurkoa eta bi abesti eskainiko ditu Alberdik, pianoz lagunduta, 20:00etan hasita.

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren etaErlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela bi astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

 
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide