Karabana baten, Euskal Herritik kanpora

Maxixatzen.eus 2020ko api. 1a, 09:00
Irantzu Olalde bidaiaria.

Ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera, hamaika herrialde bisitatu du Irantzu Olaldek (Azkoitia, 1977) azken hamarkadan. Kultura ezberdinak eta askotariko paisaiak ezagutu ditu urte hauetan guztietan. Esperientzia horretan bidaide izan du bere familia, eta bidaiako pasadizoez luze eta zabal aritu da hizketan Maxixatzenekin. Martxoko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea da honakoa:

80 egun baino gehiago behar izan zituen Irantzu Olaldek munduari bira emateko, eta gaurdaino herrialde guztietatik pasatu ez den arren, ezin esan etxean geldi egotekoa denik. 2009. urtean sortu zitzaion Olalderi bidaiatzeko harra, eta ordutik, mundu osoko hainbat herrialdetatik igaro da. Karabanan, autobusez nahiz hegazkinez, herrialde txikiak, handiak, txiroak eta aberatsak ezagutu ditu bidaiari azkoitiarrak, eta bidelagun izan ditu bidaia horietan bikotekidea nahiz familia.

Bikotekidearekin bakarrik egin zuen lehen bidaia Olaldek: "Lehenik, hiru edo lau urtez, hilabeteko bidaiak egin genituen bikotekideak eta biok: Indonesiara, Indiara, Mozambikera, Nepalera... baina hilabeteko bidaiak motzegiak iruditu zitzaizkigun", dio azkoitiarrak. Hala, Olaldek eta bere bikotekideak lanean bi urte sabatiko hartzea pentsatu zuten, eta orduan hasi zen haien benetako bidaia: "Mutil-laguna eta ni kale-hezitzaileak ginen Pasaian [Gipuzkoa], eta lanean baimena eman ziguten bi urteko geldialdi bat egiteko". Orduan, New Yorkera (AEB) joan ziren lehenik, eta Ipar Amerikatik hasi, Erdialdeko Amerikatik jarraitu, eta Hego Amerikaraino iritsi ziren. Guztira, bederatzi hilabete egin zituzten kontinente horretan, eta autoz nahiz autobusez mugitzen ziren batetik bestera. Horren ostean, Ozeaniara egin zuten jauzia, eta Australiara eta Zeelanda Berrira joan ziren: "Zeelanda Berrian hanka hautsi nuen eskiatzen ari nintzela, eta hilabete eta erdi egin behar izan genuen han. Enbolia kontuengatik-eta ez zidaten uzten hegazkinik hartzen, eta espero baino denbora gehiago egin behar izan genuen herrialde hartan". Gertakari horrek, ordea, ez zuen Olalderen bidaia zapuztu: "Bigarren eskuko gurpil aulki bat erosi nuen eta nola edo hala moldatu ginen". Handik bueltan, berriz, Euskal Herrira itzuli ziren, eta hiru hilabetez gurasoen autoarekin Europako hainbat herrialde zeharkatu zuten; tartean, Bulgaria eta Fiordoak (Norvegia).

Ia hamar urte beranduago, 2018. urtean, beste bidaia bat egitea otu zitzaien Olalderi eta bere bikotekideari, seme-alabekin. "Seme zaharrenak 5 urte zituen eta alabak urtebete. Apirilean atera ginen Euskal Herritik, eta bederatzi hilabetez Europan barrena ibili ostean, Istanbuleraino [Turkia] iritsi ginen". Euskal Herritik hasi eta Frantzia, Italia, Kroazia eta Balkanetako beste hainbat herrialde igaro zituzten Olaldek eta familiak, eta negua zen ia Istanbulera iritsi zirenerako: "Turkiatik Iraneraino joan nahi genuen, baina bi oztopo genituen: alde batetik, negua zen eta hara joateko mendikate handi bat zeharkatu behar genuen; eta bestetik, Iranera sartzeko paperak behar genituen, eta ez zen erraza horiek lortzea". Horrez gain, Iran herrialde "oso luzea" dela dio Olaldek, eta ez zutela negua han pasatzerik nahi: "Negua izanda Iranetik ezin duzu nahi duzunean bueltatu, komunikazio bideak-eta itxi egiten baitituzte sarri. Orduan, Azerbaijan, Georgia eta Armenia inguruetan ibili ginen, eta ondoren, Turkia barrualdetik etxera itzuli ginen". Hori dela eta, Gabonak etxean pasa zituzten, eta ondoren, Mexikon jarraitu zuten bidaiarekin.

Thetheko parkean, Albanian.

Hainbeste bidaia eginagatik, Olaldek dio arrisku momentu larririk ez dutela bizi izan beren ibilbidean. "Bidaiatzen daramatzadan urteetan bi lapurreta bakarrik izan ditut, bata Perun eta bestea Mozambiken. Perun ordenagailua lapurtu ziguten, eta bederatzi hilabetetan atera genituen argazki guztiak galdu genituen. Pena eman zidan, baina egia da halako gauzak hemen ere gerta daitezkeela", azaldu du Olaldek. Mozambiken, aldiz, bungalow batean zeudela dirua lapurtu zieten, baina dirua berreskuratzea lortu zutela dio: "Erdi lo nengoen eta norbait sumatu nuen bungalowean sartzen. Korrika atera nintzen handik bere bila, baina argi gutxi zegoenez, ez nuen ezer ikusi. Baina lapurtutako dirua berreskuratzea lortu nuen, hondartzan agertu baitziren billeteetako batzuk", dio azkoitiarrak. Kontuak kontu, pasadizo mingots horiek soilik ditu gogoan Olaldek, eta gainontzean ez dute arriskurik bizi izan: "Georgiako eraikinetan zuloak egon ohi dira, eta margotu gabe egoten dira etxebizitza batzuk; hemen, aldiz, ez duzu halakorik ikusten. Parisko behe auzoetan halako eraikin edo lekuren bat topatuko bagenu, hanka egingo genuke handik, baina Georgian normala zen egoera hori", gaineratu du bidaiari azkoitiarrak.

Dena den, azkoitiarrak onartu du bidaiatzean dena ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula: "Une batzuetan pentsatzen nuen lanean hobeto egongo nintzela. Egunero zerbait desberdina egitea ondo dago, baina estres momentuak ere bizitzen dira", azaldu du Olaldek. Karabana barruan bizi izan zen bederatzi hilabetez familia osoarekin, eta karabana, askotan, txiki gelditzen zitzaiela ere onartu du. Bestalde, umeen eskolaratzea ere batzuetan korapilatsua egiten zitzaion bidaiari azkoitiarrari: "Seme-alaben hezkuntza zentroarekin hitz egin eta semearen irakaskuntza prozesua gure gain hartzea pentsatu genuen. Metodo tradizionalean oinarrituta, egunero ordubete edo ordu eta erdiko eskola ematen genion semeari, liburuekin". Gai hori ere askotan "eztabaidagai" izaten zela dio Olaldek: "Semeak egunero egin behar izaten zituen etxeko lanak, eta batzuetan ez zituen egin nahi izaten; bidaiatzen ederki zebilela esaten zuen". Olalderi bidaia bera baino, buelta are gogorragoa egin zitzaion: "Alde batetik, nahi duzu etxera itzuli erosotasunagatik, baina gero akordatzen zara zein ondo zeunden bidaiatzen, eta...". Gogoan du zuten guztia saldu eta karabana batean bizi ziren Kataluniako familia bat ezagutu zutela Mexikon: "Familia ibiltaria-edo zen kataluniar batzuk ezagutu genituen. Haiek zioten egungo sistematik atera direla, ez zitzaielako eguneroko errutina eta lana gustatzen". Bidaiari azkoitiarrak argi du, ordea, berak ez duela sistematik kanpo bizi nahi: "Nik badut bizi naizen lekuarekiko lotura bat; bidaiatzea gustatzen zait, baina gero bueltatzea ere bai, hemen ditut nire familia, lagunak eta ingurune soziala", gaineratu du.

Horrelako bidaia bat egiteko zer behar den galdetuta, Olaldek dio "denbora eta gogoa" direla ezinbestekoak: "Ezjakintasunak sortutako beldurrak ditu jendeak. Gu Azerbaijanera heldu ginen karabanarekin, eta jendeari Marokora karabanarekin joango garela esan eta beldurtu egiten dira", dio. Azkoitiarraren arabera, denetik topatu dute errepidean: "Azerbaijanen eta Turkian sekulako errepideak zituzten, eta Georgian eta Armenian oso desegokiak, baina azken finean moldatu egiten zara herrialde bakoitzeko errealitatera". Denboraz eta gogoaz gain, bidaiatzeko dirua ere behar dela onartu du Olaldek, baina sarritan etxean gehiago gastatzen duela ere badio: "Etxean izan ohi dituzun hileko gastuak ez dituzu izaten bidaiatzen ari zarenean. Egia da bidaiatzeko dirua behar dela, baina etxean ere gastatzen duzu, kalera afaltzera ateratzen zarenean, adibidez".

Atenasko akropolian, familiarekin.

Bidaiako leku kutunak ere baditu Olaldek; Zeelanda Berriarekin "txundituta" gelditu zela azaldu du: "Zeelanda Berrian hanka hautsi nuen arren, esperientzia oso ederra izan zen, oro har. Lurralde alpinoa da, baina aldi berean, tropiko ukitua ere badu; mendian eskiatzen ibil zintezke, eta bi ordutara ur gardenak dituen hondartza batean bainatzen egon". Horrez gain, Erromako zubirik ederrenak ere lurralde hartan ikusi dituela dio azkoitiarrak. Bestalde, Olaldek dio ez dagoela berriro bueltatuko ez litzatekeen herrialderik: "Lehentasun desberdinarekin, baina igaro naizen herrialde guztietara bueltatuko nintzateke". Japoniara, adibidez, "oso gustura" itzuliko litzatekeela azaldu du: "Japonia beste mundu bat da, guztiz desberdina; oso modernoak dira, baina aldi berean tradizionalak".

Epe motzean, ordea, Olaldek eta familiak ez dute halako bidaia luzerik egiteko intentziorik: "Hezkuntza formalean nabil irakasle lanetan, eta bi urtetik behin hilabete batzuk eskatu ahal izango nituzke libre, baina gehiago ez...", dio. Horrez gain, seme-alabak zenbat eta helduagoak izan, halako bidaiak egitea gero eta konplikatuagoa bilakatzen dela ere badio azkoitiarrak, eta horrek ere zaildu egiten duela apur bat egoera. Munduari beste bira bat emateko itxaron beharko duten arren, Olaldek eta familiak ez dute bidaiatzeari muzin egiteko intentziorik, gaur-gaurkoz behintzat.

Atenasko akropolian, familiarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide