Lurdes Sudupek hainbat liburu gomendatuko du gaur #EtxetikMundura saioan

Lurdes Sudupe literaturzalea.

Lurdes Sudupe literaturzaleak konfinamenduan irakurtzeko zenbait liburu gomendatuko ditu gaur, igandea, #EtxetikMundura saioan. 20:00etan hasiko da saioa.

Lizar bikotearen kontzertu bikainaren ostean, Lurdes Suduperen txanda izango da gaur, igandea, #EtxetikMundura saioan. Azkoitiarrak konfinamenduan irakurtzeko zenbait liburu gomendatuko dizkie ikus-entzuleei gaurko saioan, 20:00etan hasita.

Datozen egunetan, berriz, #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak gehiago izango dira: Tomas Lizarazu abeslariak, eta Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue bikoteak kontzertu txikiak eskainiko dituzte, Iñigo Galdosek musika saio txiki bat emango du eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide