Azkoitiko sortzaileen emanaldiak, #EtxetikMundura egitasmoaren bidez

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 17a, 18:00

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek kultur sortzaileen emanaldiak eskainiko dituzte ostegunetik aurrera. Maxixatzen.eus-en, adibidez, Iñigo Antsorregiren, Tomas Lizarazuren, Lizar bikotearen, Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue bikotearen, Lurdes Suduperen nahiz herriko hainbat bertsolariren saioak ikusi ahal izango dira. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak. Ostegunean izango da lehen emanaldia, 20:00etan.

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek —Karkara, Baleike, Uztarria, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Zarauzko Hitza—#EtxetikMundura egitasmoa jarriko dute martxan ostegunean. Hain zuzen ere, Urola Kostako hainbat sortzailek bideo bidezko emanaldiak eskainiko dituzte beren etxeetatik; tartean dira hainbat sortzaile azkoitiar ere.

Dagoeneko hainbat dira egitasmora batu diren herritarrak, eta Maxixatzen.eus-en, adibidez, Iñigo Antsorregi idazleak ipuin kontaketa saioa egingo du; Lizar bikoteak, Tomas Lizarazu abeslariak, eta Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue bikoteak kontzertu txikiak eskainiko dituzte. Lurdes Sudupek, bestalde, liburu aholkuak egingo ditu eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. 

Urola Kostako tokiko hedabideen webguneetan nahiz Urola Kostako Hitzaren atarian ikusi ahal izango dira emanaldiak ostegunetik aurrera. Egun bakoitzean, 20:00etan hasita, beren herriko sortzaileen saio bana emango dute tokiko hedabideek —Maxixatzen.eus-ek ere bai—, eta eskualdeko bideo guztiak Urola Kostako Hitzaren nahiz Erlo Telebistaren webguneetan izango dira ikusgai.

Koronabirusaren eraginez hartu du #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia UKTk; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du UKTk, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Dagoeneko hainbat saio ditu lotuta Urolako Komunikazio Taldeak, baina zerrenda horretan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide