Jexuxmari Mujika: "Botereari ez zaio interesatzen pentsatzen duen jendea"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 11a, 10:12
Jexuxmari Mujika. (Argazkia: utzitakoa)

Azkoitiko Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak antolatutako hitzaldi zikloa gaur hasiko da. Jexuxmari Mujika (Aizarna, 1946) etika irakasle ohiak eskainiko du lehen solasaldia, Elkargunean, eta pentsatzeari eta entzuteari buruz arituko da.

Zeri buruz hitz egingo duzu hitzaldian?

Gaur egun pentsatzea gero eta zailagoa da. Gizarteko botereei, izan ekonomikoa, politikoa, erlijio mailakoa edo kulturala, pentsatzen ez duen jendea komeni zaie, horiek nahi den tokira eraman baitaitezke. Pentsatzeko, entzuten jakitea ezinbestekoa da.

Egun gero eta talde gehiago sortzen da hainbat gairi buruz hitz egiteko.

Oso garrantzitsua da zenbait gairi buruz hitz egiteko jendea biltzea eta elkarrizketa izaten ikastea. Indar handia dago jendea nahi den bidetik emateko. Etengabeko informazioa ematen digute, baina hori barneratzeko eta behar bezala onartzeko ez dugu gaitasunik. Egoera horri aurka egiteko, gai eta interes desberdinetako jendea biltzea guztiz positiboa da.

Gizartea gero eta azkarrago bizi da. Behar adina denbora hartzen al da pentsatzeko?

Gaurko tranparik handienetakoa da jendea presaka biziaraztea eta informazioa etengabe ematea. Denbora guztian okupatuta eta entretenituta dago egungo gizartea; patxadaz eta lasai ezer egiteko gaitasunik ez dugu. Mezuak oso motzak eta azkarrak dira, telebistako titularren modukoak, eta horrekin bakarrik guztiaz jabetzen garela pentsatzen dugu. Pentsatzen ikasteko patxadaz eta lasaitasunez hartu behar dira kontuak, eta batez ere, ausardia behar da. Pentsatuta zalantza sortzen
da, ziurtasuna joan egiten da. Ingurukoekin desadostasunak sortzen badira, gainera, bakarrik geratzeko arriskua handiagoa da.

Irakurri elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide