Txurro dendako langileen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 9a, 12:34

Azkoitiko Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak deitu dute elkarretaratzea Langileria antolatu, miseria borrokatu lelopean. Plazan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan.

Joan zen ostiralean Azkoitiko txurro dendan hildako langileen heriotzak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, astelehena, 19:00etan plazan. Azkoitiko Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak deitu dute kontzentrazioa arratsalderako, Langileria antolatu, miseria borrokatu lelopean. Herritar guztiei dei egin diete azken hilketak salatzeko mobiliza daitezen.

Kontzentrazioaren deitzaileek salatu dute urtea hasi zenetik "gutxienez" hamabost behargin hil direla lan istripuz Euskal Herrian, eta beste bi langilek desagertuta jarraitzen dutela Zaldibarko zabortegian. Horren harira adierazi dute gertaera horiek guztiak "ezin" direla "modu isolatuan" ulertu: "Ezin dugu pentsatu erailketa hauek istripu soil batzuk izan direnik; erailketa hauek sistemaren ondorio gordin eta krudelak dira". Halaber, langileen antolakuntzarako deia egin dute: "Sistema honen baitan gertatzen diren erasoak gainditzeko langileon antolakuntza ezinbestekoa zaigu, antolakuntza baita daukagun tresnarik behinena. Antolakuntzarik ezean ezingo ditugu sistema kapitalistaren baitan ematen diren biolentzia kasuak identifikatu, ezta borrokatu ere".

Hona hemen elkarretaratzearen deitzaileen oharra, osorik:

Gogor salatu nahi dugu joan den ostiralean, martxoaren 6an, bi langile erailak izan zirela Azkoitian. Arratsalde aldean jazo zen ezbeharra, beharginen lanerako toki eta tresna zen ibilgailuak su hartu ondoren. Eraildako langileak 23 eta 25 urteko bi gazte ziren, ziurgabetasunean eta babesgabetasunean euren biziak aurrera ateratzera kondenatutako langileak; kapitalaren dinamikak inposatzen dizkigun bizi baldintza eskasetara eta lan baldintza miserableetara kondenatutako beste bi langile.

Urteak hiru hilabete eskas dituen honetan, gutxienez 15 langile izan dira erailak Euskal Herrian, eta beste bik oraindik desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian, hondakin toxikoen azpian. Ezin ditugu gertaera hauek modu isolatuan ulertu. Ezin dugu pentsatu erailketa hauek istripu soil batzuk izan direnik; erailketa hauek sistemaren ondorio gordin eta krudelak dira, eta beste behin agerian uzten dute sistema honen baitan gure bizitzak beste batzuen etekin ekonomikoengatik ematen ditugula. Gertaera hauek agerian uzten dute diruaren borreroei axola zaien bakarra diruaren metaketa dela.

Etekinen erauzketak ez du zertan zuzenekoa izan behar; hau da, burgesiak subjektu ekonomiko eta politiko bezala, langileria zukutzeko eta langileriarengandik irabaziak atearatzeko zeharkako mekanismoak eta tresnak erabiltzen ditu. Era askotako zergak eta sozialki zein kulturalki langileon bizitzak erreproduzitzeko beharrezkoak zaizkigun baliabideetatik ateratzen dute etekina, aberastasun soziala eurena eginez. Dominazio sozial, politiko eta ekonomiko bortitzerako baldintzak lapurtzen dizkigute kapitalisten mesedetara.

Nazkatuta gaude gure bizitzak burgesiaren mesederako arriskuan jartzeaz. Beste behin, gure lagun, senide, ezagunak erail dituzte burgesen egoera mantendu bitartean. Sistema honen baitan gertatzen diren erasoak gainditzeko langileon antolakuntzari egiten diogu dei; antolakuntza baita daukagun tresnarik behinena. Antolakuntzarik ezean ezingo ditugu sistema kapitalistaren baitan ematen diren biolentzia kasuak identifikatu, ezta borrokatu ere. Beraz, erasoen aurrean klase elkartasunez zein antolakuntzaz erantzungo dugu beti. Halaber, klase elkartasun printzipioen baitan antolatzeko eta berau hauspotzeko momentua dela uste dugu. Izan ere, argi dugu langileriak egunerokoan pairatzen dituen erasoak borrokatzeko antolakuntza tresnak sortzeko eta indarrak metatzeko garaia dela.

Klase batasunik gabe, ez da ezer aldatzeko aukerarik; langileok pairatzen ditugun biolentzia kasuei antolaturik bakarrik egin diezaiokegu aurre.

Ostiraleko erailketak salatzeko eta langile antolakuntzaren beharra aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dugu gaur, astelehena, 19:00etan Azkoitiko plazan. Herritar guztiei dei egiten diegu gertaerak salatu eta mobiliza daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide