Txurro dendako bi gazteen heriotza salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 9a, 14:00

"Prekaritateak pertsona gazteen osasuna kaltetu" egiten duela azaldu du gazte elkarteak ohar bidez. 

Ostiralean eliz atariko txurro dendan bi langile gazte lanean ari zirela hil izana salatu du prentsa ohar baten bidez Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK). 23 urteko emakumea eta 25 urteko gizona zendu ziren lan egiten zuten txurro dendak su hartu ondoren.

Egoera horren aurrean, Gazteriaren Kontseiluak bere "atsekabea" adierazi du, eta familia eta lagunei besarkada bat bidali die. Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, "prekaritatea eta lan baldintza kaskarrak lan istripuen, lan gaixotasunen eta lan osasunaren okertzearen zuzeneko arrazoiak dira". Hori dela eta, Gazteriaren Kontseiluak ohartarazi du "gazteriaren lan baldintza prekarioak hobetu ordez, azken urteetan nabarmen okertzen" ari direla. Gainera, nabarmendu dute, egoera horrek gazteen osasun fisiko eta mentalean "eragin kaltegarriak" dituela eta "lan istripuak zein prekaritatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotzen" dituela.

Horri lotuta, beste errealitate batzuk gehitu ditu gazte erakundeak "lan baldintza prekarioen" zerrendara: "gehiegizko lan kargak, ordutegi txarrak, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomiaren lanpostuak, mugikortasun geografiko handia eta azpikontratazioa" nabarmendu dituzte, besteak beste.

Egoera hori, halaber, "areagotu" egiten dela esan dute kontseilutik. "Gazteek duten langabeziaren estaldura txikiak eta laguntzak jasotzeko dituzten zailtasun handiek areagotu egiten dute ezegonkortasun eta urrakortasun egoera”, gehitu dute. Langileen "babesgabetasuna" ere salatu du kontseiluak. “Enplegu batzuetan ezartzen diren gehiegizko baldintzen aurrean babesik gabe uzten du langilea", azaldu du erakundeak. Azken lan erreforma ere hizpide izan du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. "Osasun estaldura txikituta eta langileria babesik gabe utzi duen azken lan eta osasun erreformaren ondorioz, gazteria gero eta egoera txarragoan dago", salatu dute.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide