Ingurumen Astea antolatu du Urola Bizirik taldeak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 7a, 10:00

Ingurumen Astean hainbat ekintza egingo ditu natur taldeak: hitzaldia, dokumental emanaldia eta zuhaitz landaketa egingo dituzte asteartetik igandera bitartean. 

Urola Bizirik taldeak Ingurumen Astea antolatu du datorren asterako. Aurten antolatu du natur taldeak lehen aldiz ingurumenari lotutako astea, eta aste osoko egitaraua prestatu dute. Asteartetik igandera bitartean hitzaldia, dokumental emanaldia eta zuhaitz landaketa egingo dituzte. 

Martxoaren 10ean, Elkarguneko Oteiza aretoan Bertako basoen berreskurapena hitzaldia emango dute Aitziber Sarobek eta Iñaki Aizpuruk, 19:00etan. Gainera, Lurgaia Fundazioaren aurkezpena egingo dute solasaldiarekin batera. Martxoaren 13, Aralar, Mundua leku den lurra dokumentala eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:30ean.

Martxoaren 15ean, zuhaitz landaketa egingo dute Agerre Baserrian. Laja Jatetxeko aparkalekuan elkartuko dira 09:15ean, handik zuhaitzak landatzera Agerre baserrira joateko. Urola Bizirik taldeko kideek azaldu dutenez, zuhaitz landaketan parte hartzeko izena eman beharko da urolabizirik@gmail.com helbide elektronikoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide