Hitzaldi zikloa eta ibilaldia antolatu ditu Bizenta Mogel elkarteak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 7a, 09:00
Sabin Zabaleta abokatuak emango du solasaldietako bat. (Ainitze Agirrezabala)

Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak hiru solasaldi prestatu ditu; lehena asteazkenean izango da, Jexux Mari Mujikak emango du. Apirilaren 1ean ibilaldia egingo dute Getariako Balentziaga museora.

Azkoitiko Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak hitzaldi zikloa antolatu du aurten ere. Azkoitiko emakume batzuek duela 31 urte sortu zuten elkartea, herriko kultur eskaintzari beren ekarpena egiteko asmoarekin. Ordutik, urtero-urtero antolatu izan dituzte hitzaldiak, eta aurten ere prestatu dute zikloa. Tere Aranbarri Bizenta Mogel elkarteko kideak azaldu duenez, ohi bezala, “askotariko gaiak” landuko dituzte saioetan.

Aurten, hiru hitzaldi izango dira. Datorren asteazkenean, martxoak 11, izango da lehen solasaldia. Jexux Mari Mujika Deustuko Unibertsitateko etika irakasleak emango du saio hori, Pentsatzearen eta entzutearen artea izenburupean. Behin baino gehiagotan parte hartu izan du Mujikak hitzaldi zikloan, eta aurten ere ez du hutsik egingo. “Jendeari asko gustatzen zaio Mujika, eta aurten ere gure artean izango da”, esan du Aranbarrik.

Bigarren saioa Sabin Zabaleta abokatu azpeitiarrak eskainiko du, Onarpenak-ukapenak izenburupean; martxoaren 18an, asteazkena, izango da solasaldi hori. Aranbarriren arabera, herentzia kontuak landuko ditu hark, baina baita bestelako gaiak ere. “Aurten, legeari lotutako arlo asko izango ditu hizpide abokatuak”.

Hirugarren eta azken hitzaldia Juan Jose Alvarez zumaiarrak emango du, Herritartasun zibila: eskubideak eta betebeharrak izenburupean. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedraduna da Alvarez, eta Euskadi Irratian hitz egiten du sarri hark. Aranbarriren arabera, “jende aditua eta profesionala” ekartzeko ahalegina egiten du elkarteak. Martxoaren 24an, asteartea, emango du solasaldia Alvarezek. 

31 urte arrakastatsu

Hitzaldi guztiak 15:30ean izango dira, Elkargunean. Urtero antolatu ohi dituzte saioak ordu horretan, eta Aranbarriren arabera, “funtzionatu” egiten du horrek. “Saio bakoitzean 40-50 lagun elkartu ohi gara”, azaldu du. Haren arabera, ehun lagun elkartzen ziren garaiak ere izan ziren, baina zaila da kopuru horri eustea, saioetara joaten den jende gehiena adinekoa izaten delako. “70 urtetik gorakoak izaten gara gehienak. Ea gazteak ere animatzen diren”.

Zikloa borobiltzeko, ibilaldi bat ere antolatu du Bizenta Mogel elkarteak. Getariako Balentziaga museora joango dira apirilaren 1ean, asteazkena. 14:00etan abiatuko dira hara, Azkoitiko liburutegiaren aurreko geltokitik. Interesatuek hitzaldi batera agertu eta izena eman beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide