Zabalik dago erorikoak prebenitzeko ikastaroan izena emateko epea

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 6a, 12:38

Erorikoak prebenitzeko ikastaroan izena eman nahi dutenek, martxoaren 30a, astelehena, baino lehen egin beharko dute, 943-007 610 telefonora deituta, edo anbulatorioan izena emanda. Martxoaren 31n izango da ikastaroa, 09:15etik 12:15era, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Udaleko Ongizate Sailak 60 urtetik gorako herritarrentzat erorikoak prebenitzeko tailerra antolatu du beste urte batez Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean. Martxoaren 31n, asteartea, izango da ikastaroa, 09:15etik 12:15era bitartean, Elkaguneko Oteiza aretoan, eta dagoeneko ireki dute bertan izena emateko epea. Martxoaren 30a, astelehena, izango da tailerrean izena emateko azken eguna, eta bi modu daude horretarako: anbulatorioan bertan izen-emate orria beteta edo 943-007 610 telefonora deituta. Tailerra doakoa izango da, eta gazteleraz emango dute. Plaza mugatuak izango direla azaldu du udalak, baina ez du baztertzen halako beste tailer bat antolatzea eskaria handia bada.

Ikastaroak zati teorikoa eta praktikoa izango ditu. Alde batetik, kalean zein etxean egon daitezkeen eta adinak nahiz aldaketa fisiologikoek eragin ditzaketen arrisku faktoreak jorratuko dituzte zati teorikoan. Horrez gain, herritarren eskura dauden zerbitzuen eta baliabideen berri ere emango dute ikastaroan. Bestetik, zati praktikoan ariketa fisikoa landuko dute. Hain zuzen ere, ohean edo aulkian egoteko jarrera egokiak zeintzuk diren nahiz makuluak nola erabiltzen diren azalduko dute saioan, baita eroriz gero altxatzeko teknikak nolakoak diren ere.

Udalak adierazi duenez, ikastaroaren helburua 60 urtetik gorako herritarrak "arriskuez jabetzea" da, erakundearen arabera adinekoek izan ohi dituzten %90 erorikoak izaten baitira.