Elena Arrizabalaga: "Kimioterapia jasotzen duten umeei bizitza erraztea da helburua"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 6a, 09:58
Elena Arrizabalaga eta Eva Garcia.

Minbiziari aurre egiteko kimioterapia tratamendua jasotzen ari diren haurrei beren ahoa eta hortzak zaintzen irakasteko liburua kaleratu berri dute Elena Arrizabalaga azkoitiarrak eta Eva Garcia pasaiarrak. Asteazkenean aurkeztuko dute lana, Donostian.

Minbiziari aurre egiteko kimioterapia tratamendua hartzen ari diren haurrei laguntzeko, Marti eta Mara elkarlanean liburua argitaratu dute Elena Arrizabalagak (Azkoitia, 1998) eta Eva Garciak (Pasaia, Gipuzkoa, 1977). Aho-hortzen higienistak izateko ikasketak egiten ari dira biak, eta irakasle batek agindutako lan batetik abiatuta gauzatu dute liburua. Datorren asteazkenean, hilak 11, aurkeztuko dute lana, Aspanogi elkarteak Donostian duen egoitzan (Zarategi pasealekua, 100 – Txara, 1), 17:30ean.

  • Nolatan argitaratu duzue Marti eta Mara elkarlanean liburua?

Minbiziaren aurkako tratamenduak hainbat albo ondorio ditu ahoan, eta gaixoen egoera oraindik eta deserosoago egiten dute horiek. Liburu bat argitaratzea egokia iruditu zaigu ume horien aho osasuna indartzeko.

  • Nortzuk dira Marti eta Mara?

Marti eta Mara gure liburuaren protagonistak dira. Marti minbiziaren aurkako tratamendua hartzen ari da, eta ondorioz, ahoan hainbat arazo du. Marak, haren lagun minak, arazo horiei aurre egiteko hainbat aholku emango dio.

  • Nori zuzendutako liburua da?

Liburua minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen ari diren umeei zuzenduta dago.

  • Zer helbururekin egin duzue?

Gure helburua da liburu didaktiko baten bitartez ume horien egoera erosoago bihurtzea, eta umeek ikasten duten bitartean ongi pasatzea. Aholku erraz batzuk emanez, kimioterapiaren albo ondorioak jasaten ari diren ume horien eguneroko bizitza erraztea da gure helburua.

  • Zuen esanetan, minbizia izan eta kimioterapia jasotzen ari diren haurrek eta haien gurasoek ez dituzte ezagutzen tratamendu horrek ahoan dituen albo ondorioak. Zeintzuk dira albo ondorio horiek?

Albo ondorio asko ditu minbiziaren aurkako tratamenduak: ahoko lehortasuna; ultzerak eta zauriak; hortzoien odol jarioa; dastamen galera; mina; txantxarrak; listu kantitatea gutxitzea; listua loditzea; murtxikatzeko, ahoa irekitzeko eta irensteko zailtasunak; ahoko ehunen eta mihiaren hantura; infekzioak eta halitosia. Beraz, oso garrantzitsua da arazo horiek atzematen eta tratatzen jakitea.

  • Minbizidun haurrek bereziki zaindu beharko al lituzkete beren hortzak?

Bai, noski. Minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen hasi baino lehen, jasotzen ari diren bitartean eta hura bukatu ondoren, oso garrantzitsua da haurrek beren hortzak zaintzea.

  • Nola zaindu behar lituzkete ahoa eta hortzak? Zer aholku emango zenizkiekete?

Lehenik eta behin, aho osasuneko profesional batengana joan behar lukete ahoaren azterketa sakona egitera. Modu horretan, tratamendua hasi aurretik, tratamenduan zehar eta hura bukatutakoan ahoaren egoera ahalik eta osasuntsuena izatea ziurtatuko lukete.

Egunerokoan, berriz, hainbat gauza egin dezakete euren aho osasuna zaintzeko: hortzak garbitu baino lehenago eskuila ur berotan busti dezakete, zurdak biguntzeko eta zauririk ez eragiteko; bakoitzaren beharretara ondoen datozen kolutorioak erabil ditzateke; hortz eskuila bigunak erabiltzea ere gomendagarria da; baita txantxarrari aurre egiteko fluordun pastak eta hariak erabiltzea ere. Ahoko lehortasunaren aurkako hainbat produktu ere badaude merkatuan. Ahoa sakon aztertu eta aholku horiek guztiak jarraituz gero, haur horien egoera erosoagoa eta jasangarriagoa izango da.

  • Minbizia duten eta kimioterapia tratamendua hartzen ari diren haurrei zuzendutako liburua dela diozue, baina liburu guztian ez dituzue aipatu ere egiten minbizia eta kimioterapia hitzak. Nahita egin duzue?

Guretzako tratamendua jasotzen ari diren umeak eta jasotzen ari ez direnak maila berean daude; beraz, ez zaigu beharrezkoa iruditu liburuan bi hitz horiek aipatzea. Guretzako behar espezifikoak dituzten umeak bakarrik dira, eta beraiei behar horien arrazoiak azaldu eta zaintzeko aholkuak eman nahi izan dizkiegu. Tratamenduan ez dauden umeek ere izan ditzakete arazo horiek beste hainbat arrazoirengatik, eta haiek ere modu berean zaindu behar lituzkete beren ahoa eta hortzak. Dena dela, ohikoagoa da arazo horiek kimioterapia jasotzen ari diren umeen ahoetan azaltzea, eta horregatik nahi izan dugu haiei zuzendutako liburu bat egin.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide